Goierritar doinuekin, dantza eta korrika
‘Harro herri’ du izena 23. Korrikaren abestiak. Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-rena da abestia, baina hainbat goierritarren laguntza izan du. Kau Kori Kura eta Garazi Zabaleta prozesuaren parte izan dira.
Maite Arroitajauregi Mursego musikari eibartarrak egin du 23. Korrikaren abestia. Harro herri izena jarri dio, aurtengo edizioaren leloarekin bat. Dena dela, bere sinadurapean joan arren, atzean talde lana dago. Hainbat goierritarren izenak ageri dira hor: Kau Kori Kurako Mikel eta Olatzena eta Garazi Zabaletarena.
Kau Kori Kura taldeko Mikel Aizpuruak ekoizpenean, ahotsetan, midietan hartu du parte. Olatzek, berriz, abestu egin du. Zabaletak, azkenik, partiturak idatzi ditu.
«Mursegorekin lehendik ere kolaboraziorik eginda geunden. Horrela iritsi zitzaigun eskaria», gogoratu du Aizpuruak. Zabaletak ere kontatu du Mursegoren eta bere arteko lagun baten bidez jaso zuela enkargua.
Biek aipatu dute «ohorea» dela Korrikaren tamainako ekitaldi bati musika jartzea. «Pila bat entzun behar den abestia da eta denok dugu iritzia. Presioa ere bada». Zabaletari ere bertigoa eman zion hasiera batean kontatu duenez, baina azkenerako arin eta gustura egin duela lana aitortu du.
Emaitzarekin oso gustura daude. Korrika gerturatu ahala, geroz eta gehiago entzungo dela espero dute. Biak irakasleak dira eta ikasleekin ere landuko dutela iragarri dute.
Arroitajeiregik abestia aurkezterakoan esan zuen berak egindako lanen artean desberdina iruditzen zaiola, gutxi baitira enkarguz egindako lanak: «Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera ere bai: Korrika egiteko ez dago modu bakar bat, ez dago kanta bakar bat; bideak baditu gorabeherak eta bihurguneak».
Halaber, Arroitajauregik adierazi du kantuak sei edo zazpi zati dituela, kantaren barruan hiru kanta daudela eta «minisintonia moduko zerbait». Horiek horrela, kantu «berritzailea» iruditzen zaio: «Atea zabaldu diegu accelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei… Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari».
Estiloari erreparatuta, berriz, «pop-barroko kantu bat» atera zaiela uste du: «Letratik abiatu ginen pop kantu bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituenean hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, %100 ados egon garen arte».
Harro herri
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Bagara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Plazara!
Harro herri
Hona gu euskaldunak
Euskararen lagunak
Hats eta izerdi
Herri harro
Sarean ta kalean
Bihotza pil-pilean
Tik-tak, tik-tak, tik-tok
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Lurrarekin batera
Jira eta bira
Ku kukulumuxu
Koko kokoriko
Euskararen sarea
Ez da eroriko
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Hizkuntzak hiztunekin
Aberasten dira
Ku kukulumuxu
Ko-ko kokoriko
Algara batean
Edo afoniko
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Bagara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Plazara!
Ahoa bizi-bizi
Prest belarriak
Eskuz esku heldurik
Lehertu eztarriak
Argazki bat ipini
lasterka egina
Bihotz, muxu, irrintzi
Nik bai eragina!
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Lurrarekin batera
Jira eta bira
Ku kukulumuxu
Koko kokoriko
Euskararen sarea
Ez da eroriko
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Hizkuntzak hiztunekin
Aberasten dira
Ku kukulumuxu
Koko kokoriko
Algara batean
Edo afoniko
Onlineko txatean
Ez zirri ez mirri
gorputzen epelean
ikimilikilkirri
Esku bat nirea
Bestea zurea
Eman bostekoa
Izan dadin gurea
Ikasten bazabiltza
Egin gurekin
Elkar ulertu arte
Ekin ta ekin
Hizkuntzak ikastera
Bagoaz kanpora
Zergatik ez herrian
Euskara ahora
Harro herri korrika… (x2)
Ez badigute ematen,
arrazoia guri
Su emango diogu,
haien legeari












