Legoreggae jaialdirako sarrerak geratzen dira oraindik salgai
Eventbrite webgunean erosi daitezke online, edo aurrez aurre Legorretako tabernetan, Ordiziako Kirkilen, Beasaingo Koiote Zaharrean eta Tolosako Orbelan.
Hiru egun falta dira Legoreggae Legorretako reggae jaialdirako. Larunbatean izango da, martxoaren 23an. Egun osoan izango da jai giroa Legorretan. Eguerdi partean Korrika pasako da herritik, 12:20ak aldera. Herri bazkaria izango da frontoian, eta ondoren, 18:00etan hasiko da Legoreggae-ko festa, Marabiyak Sound-en eskutik, tabernetatik kalejiran.
Gauean, berriz, herri kiroldegia hartuko dute reggae doinuek, 22:00etatik aurrera, The Titanians, Steady Rockets, Lilibat Sound eta Samory I & Mortimer Meets Tippy I artista eta taldeekin. Jaialdia irekitzeaz gain, Marabiyak Sound-ek itxiko du jaialdia. Sarrerak geratzen dira oraindik salgai. Jaialdira joan nahi dutenek Eventbrite webgunean erosi ditzakete sarrerak, 15 euroan (gehi gastuak), edo Legorretako tabernetan, Ordiziako Kirkil tabernan, Beasaingo Koiote zaharra tabernan edo Tolosako Orbela tabernan.