Merkataritza eta emantzipazioa sustatzeko laguntzak onartu ditu udalak
Negozio bat eskualdatzeko eta lokal hutsak alokatzeko izango dira merkataritzara zuzendutako diru-laguntzak. Gazteek eta mugikortasun urria duten pertsonek etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak ere onartu dira osoko bilkuran.
Beasaingo Udalak merkataritza sustatzeko diru-laguntza lerroa bideratuko du. Azkeneko osoko bilkuran hartu zen erabakia, EH Bilduren abstentzioarekin eta gainerakoen aldeko botoekin.
Hutsik dauden lokalak martxan jarri eta negozioen jarraipena bultzatzeko laguntzak dira.
Establezimendu bat erosteko, alokatzeko edo eskualdatzeko orduan jarduera irekitzeak dakartzan gastuak gutxitzen lagundu nahi da, eta bide batez, udalerriko establezimenduak irekita mantentzea.
Bi diru-laguntza lerro jarriko dira martxan: Batetik, oraindik martxan dagoen eta eskualdatu nahi den negozioa alokatzeko edo erosteko laguntzak; eta bestetik, hutsik dauden lokalak alokatzeko edo erosteko diru-laguntzak.
Laguntzak bideratzeko IGunera jo daiteke.
Etxebizitzen alokairurako
Bestalde, gazteentzako eta mugikortasun urria duten pertsonentzako, etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak onartu zituen Udalbatzak osoko bilkuran.
Kolektibo hauetan arreta jarriz, beraien testuinguru eta baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, etxebizitza eskuratzea erraztea eta ondorioz, emantzipazioa sustatzea da laguntza hauen xedea. Diru-laguntza hauek bateragarriak izango dira Eusko Jaurlaritzak berriki onartu dituen Emantzipa programako laguntzekin