Aste Santuaren ondare immateriala jasotzeko prozesua abiatu dute
Labrit Multimedia enpresa ari da azterketa lana egiten. Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du proiektua. Ohiturak, errepresentazioak edo erritoak jasoko dituzte, besteak beste.
Segurako Udalak Aste Santuaren ondare immateriala jasotzeko eta gordetzeko prozesua abiatu du. Labrit Multimedia enpresa ari da azterketa lana egiten, prozesioen antolaketan aritzen diren herriko pertsonen parte hartzearekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren diru laguntzarekin —30.000 euro— ari da gauzatzen.
Azterketa lan honen bitartez, Segurako prozesioa eta, batez ere, tradizio honen baitako beste hainbat esparru bistaratu nahi dituzte. Julio Cesar Valle Labriteko kideak adierazi duenez, «ehunka urte dituen tradizio bat da, gizartearekin batera eboluzionatuz joan da, mantendu egin da. Baina guztiaren gainetik, segurarren artean izaera identitario bat pizten du, zerbaiten parte izatearen sentimendua, alegia».
Bat dator baieztapen horrekin Iosune Arrondo Segurako kultura teknikaria. «Herrian jaio garenok eta dagoeneko adin jakin bat daukagunok betidanik ezagutu dugun ohitura da. Etxean ezagutu dugu ama eliza garbitzera joaten, prozesioa pasatzen zenerako balkoia dotoretzen eta gurasoak santuak eramaten. Gehiago edo gutxiago, baina beti parte hartzen», dio. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura izan da, gaur egun oraindik bizirik dirauena, «kanpoan bizi diren segurar asko herrira itzultzen dira egun horietan, Aste Santuetako ekintzetan parte hartzeko», gehitu du.
«Aste Santuak segurarren artean izaera identitario bat pizten du, zerbaiten parte izatearen sentimendua»
Julio Cesar Valle. Labrit multimediako kidea
Segurako Aste Santuak badu berezi eta bakar egiten duen izaera propioa. Aste Santuari lotutako beste aldarrikapen batzuekin alderatuz gero, «ezohikoa» da, ez baititu ohiko kanonak betetzen. Antolaketan egin du batez ere azpimarra Vallek: «Ez da ermandade edo kofradiarik existitzen, herritarrak dira urtero ohiturari jarraipena emateko antolatzen direnak».
Emakumeen lanari balioa
Helburu bat baino gehiago ditu azterlanak. Prozesioaren alde immateriala dokumentatuko da batetik, «ohiturak, errepresentazioak, errituak, ezagutzak…». Emakumeek antolakuntzan egiten duten lana balioan jarriko dute. Prozesioak gizartearekin paraleloan izan duen eboluzioa aztertuko da, baita prozesioak dituen balio sinboliko, antropologiko eta artistikoak interpretatu ere. Tradizioaren jarraikortasuna arriskuan jar dezaketen mehatxuak identifikatuko dira; «ohiturak pertsonen menpekoak izanik, zaurgarritasun handia dute», dio Vallek. Horrekin lotuta zaintza plan bat ere garatuko dute, «prozesioak finkatu eta indartzeko».
Garaiak aldatzen ari dira, gizartea ere bai eta une honetan, Segurako prozesioa aldaketa fasean dago, antolakuntza eta belaunaldien arteko transmisioa bezalako gaiei dagokienean. Arrondok gogorarazi duenez, XVIII. mendetik etenik gabe –pandemia garaian salbu– errepikatu den ohitura da Aste Santukoa. «Hainbeste urte dituen tradizio batek, normala den bezala, bere ahulguneak eta ezinak dauzka», dio Arrondok. Herritarren inplikazioa berebizikoa da. Une honetan «40-50 bat lagun gabiltza antolaketa lanetan. Prozesioetan 250-300 lagunek parte hartzen dute. Hori ikaragarrizko kopurua da 1.500 biztanle dituen herri batentzat», dio.
Lehenengo fasea amaituta
Proiektua bere ekuatorean dago une honetan. Bi fasetan gauzatuko dute eta lehena amaitu dute, dagoeneko. Iazko Aste Santuan hartutako irudi batzuekin ikus entzunezko bat ondu dute, «Aste Santuaren testuingurua azaltzen saiatu gara, protagonisten ikuspuntua oinarri hartuta», dio Vallek. Ikus-entzunezkoa herritarren artean zabalduko dute.
«Une honetan 40-50 bat lagun gabiltza antolaketa lanetan. Prozesioetan 250-300 lagunek parte hartzen dute. Hori ikaragarrizko kopurua da 1.500 biztanle dituen herri batentzat»
Iosune Arrondo. Segurako Kultura teknikaria
Bigarren fase batean azterlan sakonagoa egingo dute. «Esparru ezberdinetan ardurak dituzten 10 bat pertsonekin elkarrizketa sakonago eta luzeagoak grabatu ditugu. Ondoren, ikus-entzunezko pilula formatuan euskarri digitalean gordetzeko».
Kultur ondarea gordetzearen garrantzia azpimarratu du Arrondok, «herri bateko kultura ezagutzen dugunean, bertako zati aberats bat ikertzen dugulako», amaitu du.