Edorta Lamok moztuko du Idiazabal Gazta berria Artzain Egunean
Arabako Santikurutze Kanpezuko Arrea! jatetxeko burua da Lamo. Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolak jasoko du omenaldia. 1.500 ardi inguru pasako dira Kale Nagusitik, bost artaldetan. Apirilaren 3an da Artzain Eguna.
Apirilaren 3an izango da aurten Ordiziako Artzain Eguna. Gaur goizean aurkeztu dute, Ordiziako Azoka zegoen bitartean, Plaza Nagusian. Bertan izan dira Ordiziako Udaleko, D’elikatuz Interpretazio Zentroko, Idiazabal Jatorri Izendapeneko, Lurgintzako eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako ordezkariek. Urtero bezala, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena egiteko baliatuko dute azoka berezia. Arabako Santikurutze Kanpezuko Arrea! jatetxeko Edorta Lamok ebakiko du aurten Idiazabalgo Gazta Berria.
Urteko lehen azoka berezia da. Ohi moduan, transhumantzia irudikatzeko artaldeak herrigunetik pasako dituzte artzainek, haien lana ikusarazte aldera, negua bukatzean ardiak mendira eramateko garai batean egiten zuten bezala (egun, maiatzaren 1etik aurrera eraman ditzakete mendiko larreetara artaldeak). 11:00k aldera Kale Nagusitik igaroko dira 1.500 ardi inguru, bost artaldetan.
Omenaldia eta erregulartasun sariak
Ardiak, gazta eta artzainak dira protagonistak Artzain Egunean. Artaldeak herrigunetik igaro ondoren moztuko du Lamok Idiazabal Gazta Berria. Ekitaldi horiek baino lehen, Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolak omenaldia jasoko du, sektorearen alde egin duten eta egiten ari diren lanarengatik.
Gaztaren erregulartasun kalitate sariak ere banatuko dituzte apirilaren 3an. Segurako Eneko Goiburu artzainak hirugarren urtez jarraian jasoko du saria, eta gaztandegien kategorian, aldiz, Arizkungo Valle del Baztan gaztandegiari emango diote saria.
Bildutakoa, Aspanogirentzat
Jada ohitura bilakatu da. Aurten ere goizean zehar 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok Garagartza Plazan. 11:30etik aurrera jarriko dituzte arkume pintxoak salgai, eta bildutako dirua Aspanogi Gipuzkoako minbizia duten adingabeen familien elkartearentzat izango da.
Aharien erakusketa-lehiaketa
Garagartza Plazan, 9:00etatik aurrera, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. 200 bat abelburu izango dira ikusgai. Latxa mutur-gorriak (Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdekoak) eta latxa mutur-beltzak (Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak) egongo dira.
Gazta-egite erakustaldia, mami-dastaketa, ardien ile-moztea, haurrentzako jolasak…ekintza ezberdinak izango dituzte inguratzen direnek Artzain Egunean. ELE Latxa Ardiaren Gipuzkoako elkartearen, Lurgintzaren, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenaren eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen du eguna Ordiziako Udalak. Goizean, asteroko ohiko azoka ere egingo da. Trikitilariek eta dultzaineroek alaituko dute giroa.
Egitaraua:
- Goizean zehar. Azoka berezia
- 9:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza Plazan.
- 10:00-14:00. Frontoi txikian, haurrentzako ‘Artzainen herri kirolak’ jolasak.
- 11:00. Artaldeak igaroko dira gune historikotik barrena.
- 11:15. Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena, udaletxeko batzar aretoan. Aurretik, omenaldia eta erregulartasun sarien banaketa.
- 11:30. Gazta egitea eta mamia dastatzea Garagartza Plazan.
- 11:30. Arkume pintxoak salgai Garagartza Plazan.
- 12:15. Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.