Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren 'Munduketariak' liburua aurkeztu dute
Patxi Zubizarretak idatzi du, eta Jokin Mitxelenak ilustratu. Liburuari lotutako eskoletan lantzeko unitate didaktikoa ere sortzen ari dira, eskuragarri egongo dena EHIGEko zein eskoletako webguneetan.
Munduketariak liburua aurkeztu dute gaur goizean Donostiako udal liburutegian. Ordizian ekainaren 2an Publikoa aI do lelopean ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren barruan sortutako liburua da, Erein Argitaletxeak, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Urdanetarrak guraso elkarteak eta Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiarrak elkarlanean.
Elkarlan horren emaitza da liburua. Zubizarretak idatzi du, eta Mitxelenak ilustratu. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren barruan liburu bat egiten den lehen aldia da. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailearen hitzetan, “kalitate handiko” liburua da, hezkuntza sarean “hain garrantzitsuak” diren edukiak lantzen dituena: aniztasun kulturala, migrazioa, munduaren ezagutza, euskalduntzea… “Aniztasun hori biltzen da gure geletan eta euskara da batzen gaituena. Ohorea da liburua sortu eta euskal herritar guztien esku uztea”.
Aitziber Arrugaeta Urdanetako guraso eta irakasleak azaldu duenez, Urdaneta eskolaren zein beste eskola askoren isla da: “Euskalduntzen duena, aniztasuna duena…Hau da gure errealitatea, hizkuntza ezberdinak, hezkuntza behar ezberdinak, euskalduntzeko premia…eta hori publikotik egitea dagokigu. Gu ere eskola sortzen eta herria aldatzen ari gara”. Jaiarekin lotutako hainbat jarduera egin dituzte eta egiten ari dira irakasle, ikasle, herritar eta gurasoen artean ikasturte honetan, eta horretan jarraituko dute ekainaren 2ra arte, euskara, aniztasuna, inklusioa eta publikotasuna ardatz.
Liburua, abiapuntu
Herri “hobe” bat nahi dute, “inklusiboagoa, euskaldunagoa”, eta horretan ari dira lanean. Eskolaren errealitateari hitzak jarri dizkio Zubizarretak eta Mitxelenak irudiak, eta horregatik eskerrak eman dizkie Arrugaetak Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitatearen izenean. Unitate didaktiko bat ere sortzen ari dira, liburuan lantzen diren edukietan oinarrituta (aniztasuna, euskara, lurraldeak edota ingurumenaren zaintza). Abiapuntua liburuan azaltzen diren egoerak izango dira, baina eskola bakoitzak bere errealitatera egokitzeko aukera izango du. Eskuragarri jarriko dute, doan, EHIGEko zein eskoletako webguneetan. “Guztiok disfrutatu eta ikas dezagula ipuinarekin”.
Munduko lurralde ezberdinetara, ‘gelazkinez’
Zubizarretak berak azaldu ditu istorioaren nondik norakoak gaurko aurkezpenean. Javier Cercasen hitzetan oinarrituta, esan du bizitzan badirela hiru pertsona beharrezko direnak: medikua, irakaslea, eta munduaren injustiziaren aurrean mundu berri bat lortzeko ‘ez’ esango duena. Azken horri tiraka eman zion Munduketariak izena kontakizunari.
Urdaneta eskolan izan zen irakasle eta gurasoekin lana ontzeko, eta haren esanetan, “esperientzia ederra” izan da liburua sortzeko prozesua. “Deskubritzea 30 jatorri baino gehiago eskola berean, 20 hizkuntza baino gehiago. Babel dorreak mundu honetan fama txarra du eta nik uste eskola batek babel dorrearen alderdi positiboena aldarrikatzen duela”.
Aniztasun eta aberastasun hori bideratzeko, hegazkin bat asmatu zuen: ‘gelazkina’. Horren bidez, protagonista bakoitzak haurrak munduko lurralde ezberdinetara eramango ditu, eta hor sortuko da kontua. Kattalin irakasleak topatuko du Harmony neskatila deseroso dagoela, berak ez duelako Nigeriara joan nahi.
‘Ez’ esatea, bizipozez
Espiritu “inkonformista” dauka liburuak idazlearen hitzetan, eta aldi berean, “harresien espirituaren kontra itzulpenaren espiritua” aldarrikatzen du. “Ezetz esaten du, baina bizipozez, eta bilatzen du beste era bateko Ordizia bat eta hortik aurrera beste era bateko errealitate bat”. Ezetz esatea baietza bilatzeko, festa girotik.
Nahi zena kontatzeko hitzak eta istorioa sortu ondoren, Mitxelenak irudiak jarri zizkion kontakizunari. Detaile guztiek bat egin arte “pauso bakoitzean” egindako lana azpimarratu du ilustratzaileak, eta beraren lanaren harira, azaldu du klitxeak gehiegizkoak ez izaten ahalegindu dela, “klitxeak islatu” dituela “baina neurrian”.
Liburua salgai dago jada. Erein Argitaletxearen webgunean eskatu daiteke. Bihar, Urdaneta eskola kanpoan ere erosi ahal izango da.