Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketako saioetako bat Urretxun izango da
Lehiaketak Urretxuko eta Zumarragako udalen babesa du
Bergarako Jardun euskara elkarteak eta Goiena komunikazio taldeak Algaraka bakarrizketa lehiaketa antolatu dute, Bergarako Udalaren eta aldundiaren babesarekin eta Urretxuko, Zumarragako eta Zumaiako udalen laguntzarekin. Hala, saioetako bat (bigarren kanporaketa) Urretxun izango da: maiatzaren 17an, 20:00etan, Labeaga aretoan.
Lehiaketa maiatzeko lau ostiraletan egingo da. Lehen kanporaketa maiatzaren 10ean izango da Bergarako Seminarixoa aretoan, bigarrena maiatzaren 17an Urretxuko Labeaga aretoan eta hirugarrena maiatzaren 24an Zumaiako Aita Mari aretoan. Finala maiatzaren 31n izango da, Bergarako Seminarixoan. Saio guztiak 20:00etan izango dira eta sarrera doan izango da.
Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6-8 minutuko bakarrizketa egingo dute. Irabazeak 1.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak 600 euro. Publikoaren saria ere emango dute: Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari etxean gaua eta gosaria.
Saioak Miren Nogales eta Jon Olivares aktoreek aurkeztuko dituzte. Epaimahaia Idoia Torregarai kazetari eta umoristak, Josu Zubia kulturgile eta pailazoak (Potx) eta Aner Peritz bertsolari eta sortzaileak osatuko dute.
Lehiaketan izena emateko azken eguna apirilaren 19a da. Parte hartu nahi dutenek 2-3 minutuko bideo bat bidali behar dute komunikazioa@algaraka.eus helbidera (edo algaraka.eus webgunean). Epaimahaiak hamaika bakarrizketari hautatuko ditu. Publikoak 12. lehiakidea aukeratuko du, apirilaren 22tik aurrera algaraka.eus webgunean. Aukeratuen izenak apirilaren 29an jakinaraziko dira. 12 hautatuek 60 euro jasoko dituzte.
Lehiaketak EITBren babesa du. Hala, lau saioen koprodukzioaz arduratuko da Goienarekin batera. Saio guztiak Primeran streaming plataforman ikusi ahal izango dira.
Algaraka gaur aurkeztu dute, Bergarako Seminarixoa aretoan. Ekitaldian Mari Jose Telleria aldundiko Kultura zuzendariak, Maite Usabiaga Bergarako Kultura zinegotziak, Nerea Mendizabal Jardun elkarteko kideak, Monika Belastegi Goiena taldeko lehendakariak, Josu Zubia epaimahaiko kideak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak parte hartu dute.
Lehenengo lauek hartu dute hitza. Usabiagak formato erakargarria eta berritzailea dela azpimarratu du. “Bakarrizketari euskaldun gutxi batzuk azaldu dira, baina gehiago behar ditugu. Euskaraz eta euskaratik barre egin nahi dugu. Sortzaile euskaldunak behar ditugu, erreferentzialak. Lehiaketa honi esker, Gipuzkoan zehar algaraka egongo dira”.
Horretaz gain, ekimena txalotu zuen eta ikusmin handia piztu duela esan zuen. “Aretoa jendez lepo egotea espero dugu, algaraka. Ez dago gauza osasungarriagorik”.
Telleriak Juan San Martienen Zirikadak eta Eztenkadak liburuak eta Pernando Amezketarraren heriotzaren 200. urteurrena gogoratu ditu. “Euskarak ez du beharbada lehengo freskotasuna eta espazioa galdu du. Algarakak euskarazko talentua eta kultura sustatzea du helburu. Gainera, sortzaileek beraien talentua ezagutzera emateko eta zabaltzeko aukera izango dute”.
Mendizabalek ahozkotasunari bultzada eman nahi diotela esan du. “Lehiaketen antolaketan esperientzia dugu, amodiozko gutunen lehiaketa antolatzen baitugu aspalditik.