Hauteskundeetan "lehia estua" espero du EAJk, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei
Markel Aranburu eta Xabier Barandiaran Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaiek EAJk antolatutako topaketa batean hartu dute parte Beasainen.
EAJ Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begirako aurre-kanpainan murgilduta dabil. Horren lekuko, atzo arratsaldean, Markel Aranburu Bartau eta Xabier Barandiaran Irastorza EAJren Gipuzkoako hautagaiek Goierriko alderdikide eta kargu publikoekin Beasainen egin zuten topaketa, apirilaren 21eko hitzorduari begira jarrita. EAJk Imanol Pradales Gil aurkeztu lehendakari izateko hautagai gisa, Indar berria lemapean.
Aranburuk eta Barandiaranek Beasaingo hainbat proiektu ezagutu zituzten bertatik bertara eta, batez ere, Ezkiaga auzoaren uholdegarritasuna murrizteko martxan dauden obretara gerturatu ziren, Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia zinegotzia lagun zituztela. “Izan ere, Eusko Jaurlaritza –Ura agentziaren bitartez– herrian egiten ari den inbertsio nagusietako bat da Ezkiagakoa, herritarren ongizatean inpaktu handia izango duena”, dio EAJren oharrak.
“Erakunde sendoen” aldeko mezua
Topaketaren hasieran, Barandiaranek eta Aranburuk solasaldi batean parte hartu zuten herriko plazaren azpian, Indar berria herrigintzan. Partaidetza eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak lemapean. Han, Barandiaranek adierazi duenez, Ezkiagan egiten ari diren bezalako obrek erakusten dute “zeinen garrantzitsua den Euskadik erakunde sendoak edukitzea eta autogobernuan sakontzea”.
“Euskal erakundeak, herri borondatea gauzatzeko tresna izateaz gain, pertsonen ongizatean eragiteko bitartekoak dira. Jaurlaritzak lortzen duen eskuduntza bakoitzak, gero, bere eragina du herritarren eguneroko bizitzan. Horregatik, lehentasun osoz, gure erakundeak, autogobernua eta eskuduntzak betetzea bultzatuko dugu”, azaldu du hautagai ataundarrak.
Barandiaranen iritziz, EAJ da “autogobernuaren defentsa eta garapena” gauzatzeko “bermea” eta, ikuspegi horretan ere, datorren apirilaren 21eko hauteskundeak “bereziki garrantzitsuak” izango direla adierazi zuen. “Halaxe egin du EAJk azken hamarkadetan eta ahalegin horretan gure onena emateko prest jarraitzen dugu, lehendakarigai berri batekin eta belaunaldi berri baten bultzadarekin”, aipatu du.
Aurreikusi duenez, azken inkestek erakusten duten moduan, “lehia estua” egongo da lehendakaritza lortzeko aukerak dituzten bi alderdi nagusien artean –EAJ eta EH Bildu– eta, horregatik, partehartze maila “erabakigarria” izango dela iritzi dio.
“Parte-hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditugu modu masiboan parte hartzera, baita ere. EAJk ziurtasuna, ongizatea, gure erakundeen eta autogobernuaren defentsa, gizartearekiko lankidetza eta aurrerapen ekonomiko eta soziala bermatzen dituen eredua eskaintzen dio gizarteari”, gehitu du.
Euskararen erabilera, herri desafioa
Barandiaranek hizpide izan zuen, baita ere, Korrikaren edizio berria eta euskara biziberritzeko ahalegina, “herri gisa” dagoen desafio nagusietako bat, azken hori. “Korrika Euskal Herri osoan sortzen ari den indarrak erakusten digu zeinen garrantzitsua den gizarte aktibazioa euskararen etorkizuna bermatzeko. Erakundeetatik, euskararen munduko eragileekin elkarlanean, asmatu behar dugu aktibazio horri bidea ematen, euskararen erabileran bere isla izan dezan. Gainera, eremu berriak ere irabazi behar ditugu euskararen mesedetan eta hor lehentasunezko espazioa da lan mundua”, aipatu du, eta EAJren konpromisoa adierazi du bide horretan urrats “berriak eta sendoak” emateko.
Markel Aranburuk EAJren ereduaren hiru ardatz jorratu zituen bere hitzartzean. Nabarmendu zuenez, EAJk euskal gizarteari eskaintzen dio “baikortasuna, zintzotasuna eta eraginkortasuna”. “Beste aukera batzuen aldean, guk begirada positibo batekin ekiten diogu errealitateari. Autokritika eraikitzailea eginez, baina negatibotasunean erori gabe. Zintzoki jokatzeko konpromisoa dugu, arazo eta desafio konplexuen errealitatea azaldu eta urratsak gizartearekin emateko konpromisoa. Eta, gainera, kudeaketa eta irtenbide eraginkorrak eskaintzen dizkiogu gizarteari”, aipatu zuen.