«Elkarlana ezinbestekoa da, udalaren eskumenetik kanpo dauden hainbat faktorek ere eragiten baitute hizkuntza ohituretan»
Martxoaren 14an UEMAko kide izatea erabaki zuen Zegamako Udalak, martxoko udal osoko bilkuran. Iker Zubeldia alkateak zehaztu ditu erabakiaren arrazoiak eta nondik norakoak. Pozik agertu da, hemendik aurrera UEMArekin eta gainerako udalerri euskaldunekin batera elkarlanean hizkuntza politika ausartagoa lantzeko aukeraren aurrean.
Zegamako Udalak Udalak UEMAko kide izatea erabaki berri du. Zergatik?
Zegama herri euskalduna da, eta eskualde euskaldun batean kokatua dago. Euskara gure izaeraren, herriaren eta kulturaren oinarrizko osagaia da. Horregatik, urteetan saiatu gara euskarari bultzada ematen udaletik, baina garbi dago hizkuntza kontuetan elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela, udalaren eskumenetik kanpo dauden hainbat faktorek ere eragiten baitute hizkuntza ohituretan. UEMAren esperientzia eta eskaintzen dituen lanerako plan eta ildo guztiak Zegamarako ere bidelagun izan daitezkeela sinesten dugu.
UEMAko kide izateko aukera orain hartu dugu. Izan ere, momentu hau gakoa dela uste dugu. Ezagutza ez doa beherantz Zegaman, baina bai lehen hizkuntzaren eta etxeko erabilera portzentajea, eta gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik.
Datu soziolinguistikoei begira, ezagutza datu sendoa du Zegamak (%84,5), baina, beste arnasgune askotan bezala, etxeko erabileraren datuak apalagoak dira (%52,7). Argi dago herritarren kontzientziazioan ere eragin beharra dagoela.
Bai, zalantzarik gabe. Eta horretarako ere ederki etorriko zaigu UEMAk abian dituen proiektuak, herritarren kontzientziazioan eragiteko. Zegaman ez dugu bereziki sumatzen udalerri euskaldun askotan gertatzen ari den galera, baina datuek lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren beheranzko joera erakusten digute, nabarmen. Azken batean, Zegaman ere euskaldunen profila aldatzen ari da, eta hori etxeko erabilera apalagoan ikusten da. Euskaraz jakin arren, euskara ez da lehen hizkuntza askorentzat, eta horrek gero erabileran eragiten du. UEMAk lan handia egin du azken urteotan hori iraultzeko: herritarren kontzientziazioa, hezkuntza proiektua eta beste hainbat konturekin. Beraz, udala euskalduntzeko planez eta lanabesez gain, herritarrak kontzientziatzeko laguntza ere ederki etorriko zaigu.
Aho batez hartu duzue erabakia, udalbatzarreko zinegotzi guztien aldeko botoekin.
Bai, eta gustura gaude. Herri euskalduna da Zegama, eta EH Bilduko zinegotziek eta Zegama Lantzen-eko zinegotziek adostasunez hartu dugu UEMAko kide izateko erabakia, euskarari eusteko eta gure hizkuntza biziberritzeko beharrezkoa dela sinetsita.