AHT-ren aurkako mozioa aho batez onartu du Idiazabalgo Udalak
Idiazabalgo Udalak aho batez onartu zuen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako mozioa pasa den ostegun iluntzean egindako osoko bilkuran. Mozioan jasotzen denaren arabera, «zundaketak eta bestelako azterlanak gelditzea» eskatu dute udal taldeek —EH Bilduk eta Izalberrik—; era berean, «tren sozial baten alde egin daitezkeen beste aukerak» aztertzearen alde egin dute.
Aurkeztutako mozioan gogorarazten denez, «trenbidea Lakuntza (Nafarroa) inguruan sartuko litzateke lur azpian eta Ataun alderik alde zeharkatuko luke. Altzania, Atxurbi eta Hirumugata azpitik pasatuko litzateke, Idiazabalen Atxisain baserriaren parean atera, zubi batekin N-1 errepidea gainetik igaro eta Enpajolatza eta Arcelor artean berriro lur azpira sartuz Ezkio-Itsasora iristeko».
«Zentzuz» jokatzeko garaia
Idiazabalgo Udalak «kezkaz» bizi du Europako Parlamentuak EAJren proposamena onartu izana; —Nafarroako korridoreak euskal Y-arekin duen lotura Ezkiotik egitea, alegia—. «Zentzuz» jokatzeko garaia dela uste dute; «ezin da euro bat gehiago inbertitu egunetik egunera zalantza gehiago eta gure eskualdeetan aurkako gero eta jarrera zabalagoa sortzen duen azpiegitura zentzugabe batean», berretsi dute.
Irakurri mozioa bere osotasunean: AHTren aurkako mozioa