Bihar goizean irekiko dute Itsaso eta Mandubi arteko bidea, konponketa lanak amaituta
Azken asteetako euriteek hainbat kalte sortu dituzte. Bidea egonkortzeko lanak egiten ari dira egunotan. Kizkitzan pistak konpontzeko lanak aurreikusita daude urtea amaitu aurretik.
Azken asteetako euriteek hainbat kalte sortu dituzte Itsasoko bideetan. Premiazko konponketa lanak amaituta, egin beharreko beste hainbat lan egiten ari dira orain, hainbat puntutan. Itsasotik Mandubirako bidea, esaterako, itxita dago egun hauetan, Miraballes eta Iturrita artean egiten ari diren bidea egonkortzeko lanen ondorioz.
Martxoko lehen asteetan egindako euriak luizia eragin zuen Itsasoko Errebuelta bezala ezagutzen den inguruan, Itze-Urkulegi bidearen hasieran. Lur dezente erori zen basotik behera, baina egunean bertan garbitu zuten ingurua eta bidea irekita geratu zen berehala.
Atinbarrena baserrira doan bidean ere, luizi batek bidearen azpialdea eraman zuen eta ondorioz, egonkortzeko lanak egin behar izan dituzte bertan. Lanak amaituta daude dagoeneko.
Mandubirako bidea irekita bihartik aurrera
Premiazko lan horien ondoren, beste hainbat lan ere gauzatzen ari dira une honetan. Itsasotik Mandubira doan bidean beste bi lan ere egingo dituzte. Lehena, Miraballes eta Iturrita artean egun hauetan egiten ari direna. Lur mugimenduen ondorioz bideak behera egin du gune honetan eta egonkortze lanak egiten ari dira. Zuloa egin dute eta harrizko bi lubeta jarriko dituzte. Bidea itxita egon da egun hauetan, baina bihar 10:00etatik aurrera irekiko dute.
Behin lan hauek amaituta, Iturritatik Altzigarragara arteko zatian hasiko dituzte lanak. Ur kolpeak daudenean ur erretenak gainezka egiten du eta ondorioz, hormigoizko berri bat egingo dute.
Oraindik zehazteko dagoen arren, Kizkitza inguruan ere hainbat lan egitea aurreikusita dago, egoera txarrean dauden pistak konpontzeko.