Kirol Asteko kirol egokitu saiorako izena eman behar da apirilaren 12rako
'Elikadura eta kirola' hitzaldia egingo du Xabi Mujika 'Smithy'-k apirilaren 19an, Bizi Nahi Elkartean.
Itsasondoko Udalak, Real Sociedad Federazioarekin, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin eta Itturri Txiki guraso elkartearekin elkarlanean, Kirol Astea antolatu du apirilaren 15etik 21era. Kirolari lotutako lau ekintza egingo dituzte tarte horretan, haurrentzako batzuk, eta adin guztietarako beste batzuk. Apirilaren 15ean izango den kirol egokitu saiorako izena eman behar dute parte hartu nahi dutenek, apirilaren 12rako, udaleko whatsapp-era idatzita edo eskolan bertan.
Kirol egokitu saioarekin hasiko da Kirol Astea. Apirilaren 15ean, 17:00etatik 19:00etara izango da jarduera, 5 eta 12 urte arteko haurrentzat. Dinamika ezberdinak egingo dituzte Kirol Egokituko Federazioko kideekin. Apirilaren 19an, berriz, Realaren puzgarriak jarriko dituzte, 16:30etik 19:00etara. Ondoren, 19:00etan, Elikadura eta kirola hitzaldia eskainiko du Xabier Mujika Smithy-k, Bizi Nahi Elkartean. Apirilaren 20rako, mendi irteera antolatu du Itturri Txiki guraso elkarteak. 10:00etan aterako dira plazatik.