‘Sexpiertos’ antzezlana izango da Ordiziako Herri Antzokian apirilaren 5ean
Aurtengo Antzerki Garaia zikloaren barruan Ordizian egingo den azkena izango da. Telmo Irureta eta Miren Arrieta dira aktoreak. Bizipen afektibo-sexualez ariko dira, konplexurik gabe.
Antzerki Garaia Beasainen eta Ordizian egiten den antzezlanen zikloa laster amaituko da. Beasainen izango da azkeneko emanaldia, apirilaren 12an, La sed del minotauro antzezlanarekin. Ordizia egingo den aurtengo Antzerki Garaiko azkena, aldiz, datorren astean izango da, apirilaren 5ean. Sexpiertos eskainiko dute Herri Antzokian, 20:30ean, Tanttaka Teatroren eskutik.
Mireia Gabilondok zuzendutako lana da, eta Telmo Irureta eta Miren Arrieta dira aktoreak. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan itota dabilen gozoki saltzaileak haien bizipen afektibo-sexualak azalduko dituzte, inolako konplexurik gabe. Bi lagunen arteko istorioa da, umoretik, bakoitzaren beldur, amets eta ilusioak erakusten dituena. Maitasuna, sexua, bakardadea edota aurreiritziak jorratuko dituzte.
Iaz, ekoizpen onenaren Max saria irabazi zuen Tanttakak antzezlanagatik. Telmo Iruretak eta Kepa Errastik idatzi zuten lana, euskaraz, Sexberdinak izenpean, eta Ordizian gaztelaniazko bertsioa eskainiko da. Aurtengo Donostia Antzerki Saria ere Sexberdinak-entzat izan da, 2023ko antzezlanik onena izendatuz.
Zortzi antzezlan
Urtarrilean hasi zen Antzerki Garaia. Zortzi emanaldik osatu dute zikloa, lau Ordizian eta lau Beasainen: Ordizian, Obsoletus, Almazenean, Postdatarik gabeko gutunak eta Sexpiertos, eta Beasainen Baginaren bakarrizketak, Buho, Esnearen kolorekoa eta La sed del minotauro.
Sarrerak salgai
Aurrez aurre Herri Antzokiko leihatilan erosi daitezke sarrerak, 12 euroan, antzokia irekita dagoen ordutegian, edo Kutxabank-en bidez, online.