Idiazabal Gazta sasoi berria dakar udaberriak
Ordiziako Artzain Egunak irekiko du apirilaren 3an Idiazabal Gaztaren denboraldi berria. Kanpezuko Arrea! jatetxeko Edorta Lamo sukaldariak moztuko du lehen gazta.
Ordiziako Artzain Eguna apirilaren 3an izango da, Pazko Asteko asteazkenean. Artzainen eta gaztagileen lana goraipatzeko baliatuko dute eguna. Esnekien eta bestelako produktuen salmenta ere egingo da, urteko lehen aparteko azoka izango delako.
Bi dira egun horrek uzten dituen irudi nagusiak. Kalean izaten da bat, eta era berezian bereganatzen du azokako bisitarien arreta. Goiz erdian, 11:00ak aldera, Aralarren eta Aizkorri-Urbian larratzen duten 1.500 bat ardik zeharkatuko dute Ordiziako Kale Nagusia. Bigarrena udaletxeko areto nagusian izaten da: Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera emateko gazta ebakitze ekitaldia.
Gazta ebakitzea eta omenaldia
Edorta Lamo sukaldariak moztuko du lehen gazta. Bokazioz datorkio ogibidea, bere aitonak Arabako Mendialdeko Kanpezu herriko lehen tabernetako bat muntatu zuelako. Lamok Oñatiko (Gipuzkoa) ostalaritza eskolan ikastea erabaki zuen bere bidea egiteko. Hainbat jatetxetatik igaro zen, horien artean Arzaketik, eta 2006an bere lokala irekitzea lortu zuen Donostiako alde zaharrean, Amaia ahizparekin batera. A Fuego Negro deitu zioten eta abangoardiako euskal pintxoen estandarte bihurtu zen irekita egon zen hamabost urteetan.
Bere lurrarekin eta arbasoen bizimoduarekin berriz konektatzeko beharrak sukaldariaren buruan Kanpezura itzultzeko ilusioa ernarazi zuen, guztia batuko zuen proiektu gastronomiko bat sortzeko. Lau urte igaro behar izan ziren ideia horren inguruan ibili zenetik Arrea! jatetxeko ateak ireki zituen arte. Gaur egun, Euskal Herri osoko eta atzerriko mahaikideak joaten dira bertara mendiko sukaldaritzaren proposamena ezagutzera.
Omendua Arantzazun kokatuta dagoen Artzain Eskola – Gomiztegi izango da. 1997an sortu zen, Arantzazuko Gomiztegi baserrian, desagertzeko arriskua duen eta mendiak babesteko funtsezkoa den antzinako praktika baten biziraupena bermatzeko. Hau da, bere helburua artzaintzaren antzinako kulturaren biziraupenean laguntzea da.
Ardi-ahariak Garagartzan
Plaza Nagusian eta haren inguruan egingo den asteazkeneroko azokak esnatuko du eguna. Ohiko postuez gain, Goierriko produktuen eta Gipuzkoako artisauen saltokiak ere jarriko dira. Garagartza plaza izango da Artzain Eguneko beste eremu nagusia. 09:00etan hasita, 50 bat artzainen latxa arrazako ahari-ardien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Berrehun abelburu, guztira. Latxa mutur-gorri zein mutur-beltzak izango dira ikusgai. Ekitaldia gehiago ere izango da plaza berean –ikus eskuineko egitaraua–.
Aurten ez da emakumezkoen pilota partidarik jokatuko arratsaldean.