Liztor asiarrak harrapatzeko tranpak eskatu daitezke, jada, udaletxean
Iazko kanpainan 35 tranpa selektibo jarri ziren Idiazabalen, eta guztira, 161 liztor asiar harrapatu ziren.
Liztor asiarraren —vespa velutina jatorrizko izenez— aurkako udaberriko tranpatze kanpaina abian da dagoeneko, eta beste urte batez, Idiazabalgo Udalak ere bat egin du egitasmoarekin. Hala, nahi duten herritarrek tranpak udaletxean jasotzeko aukera izango dute, herritarren harreran eskatuta. Aste Santuko oporretan udaletxea itxita egongo da.
Iazko kanpainan, 35 tranpa selektibo jarri ziren Idiazabalen eta udalak adierazi duenez, guztira 161 liztor asiar eta Europako 28 liztortzar —vespa cabro jatorrizko izenez— harrapatu zituzten.
Habiak desaktibatzea
Udaberriro liztor asiarraren aurka egiten den kanpaina honetan ez ezik, Idiazabalgo Udalak asiar liztorren habiak desaktibatzeko Goimenen —Goierriko Landa Garapenerako elkartearen— eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitako programan ere aritzen da lankidetzan. 2023an zehar, 16 habia desaktibatu ziren Idiazabalen, Goierri eskualdean, 157 habia eta Gipuzkoa osoa aintzat hartuta 1.462.
Udaberrian, liztor asiarrek habiak egiteari ekiten diete, eta egoeraz jabetuta, badira urte batzuk aldundiak kanpaina hau martxan jarri zuela. Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideek eta tokian tokiko Landa Garapen Elkarteetako, udaletako eta aldundiko langileek osatzen dute lantaldea.