Herri txikiek diru gehiago jasoko dute foru funtsa egokitu ostean
Goierrin bederatzi udalerriri eragingo die banaketa-sistema berriak. 1.100 biztanletik beherakoak behar dute izan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko UFFF Udalen Finantzaketarako Foru Funtsean 1.100 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalerriei diru gehiago emateko foru araua aldatu du. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa arautzen duen 15/1994 foru arauko 3.1 a) artikuluan jasotako banaketa eguneratuko eta egokituko du aldundiko Ogasunak ekainerako, eta 2025eko UFFFaren banaketan sartuko da indarrean neurri hori.
Goierrin bederatzi udalerriri eragingo die banaketa-sistema berriak, 1.100 biztanletik beherakoak honakoak baitira: Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Itsasondo, Gabiria, Gaintza, Mutiloa, Olaberria eta Zerain. Guztira, 32 udalerri daude Gipuzkoan.
Foru funtsetik jasotzen duten finantzaketa hobetuko zaie, hori baita araua aldatzearen zioa. 1994koa da UFFFren legea, eta sorreratik beretik aurreikusita zegoen 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitzea, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain.
FFFren zati bat, aparte
Banaketa gehigarri hori, ordea, berrikusi gabe zegoen 1994tik. Gipuzkoako udalerri txikienentzat urteko UFFFaren %1,2 gordeko da – gainontzeko herriek bezala biztanle kopuruaren arabera jasotzen duten kuotaz gain–, eta ehuneko hori zati berdinetan banatuko da 1.100 biztanle arteko herri guztien artean.
Duela 30 urte, foru arauan kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsierak udalerri txikiak ez kaltetzea. Denboraren joanean, ordea, gora egin du, eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal berezituaren bitartez.