Pazko Bigarreneko jaia ospatuko dute astelehenean Zumarragan
Jolasak eta txokolatada egongo dira. Herri kirol jaialdian hiru aizkolari bikote arituko dira: Zaldua eta Aranberri aita-semeak eta Joxe Ugarteburu eta Unai Etxeberria
Datorren astelehenean Pazko Bigarreneko jaia egingo dute Antion. Aurtengoan ere Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak eta Zumarragako Udalak herri kirol jaialdi erakargarria antolatu dute. Herriko kirolariak izango dira protagonista nagusiak.
Festa 16:30ean hasiko da. Ordu horretan haurrentzako jolasak eta txokolatada egingo dituzte. Ondoren, 18:00etan, udalbatzarkideek Andre Mariari bisita egingo diote.
18:15ean herri kirol erakustaldia hasiko da. Aizkoran hiru bikote oso berezi arituko dira: Xabier eta Jon Zaldua aita-semeak, Jabier eta Julen Aranberri aita-semeak eta Ugarteburu-Osinalde. Joxe Ugarteburu zumarragarra Ezkioko Osinalde baserriko Unai Etxeberria gaztearekin arituko da. Ugarteburu eta Etxeberria maisua eta ikaslea dira. Hala, hiru beterano hiru gazterekin arituko dira.
Harri-jasotzaileak
Bi harrijasotzaile ere arituko dira: Iosu Sanchez zumarragarra eta Olaia Esnaola azpeitiarra. Etxeberria eta Sanchez lehenengoz arituko dira Pazko Bigarreneko jaian.
Festa hau guztientzat da berezia, baina bereziki Gurrutxazpi baserriko Xabier eta Jon Zaldua aita-semeentzat. Izan ere, Gurrutxazpi Antiotik oso gertu dago. Aita-semeak iaz aritu ziren lehenengoz elkarrekin Pazko Bigarreneko jaian. Aita euskal duatloi txapelketako finalera sailkatu berritan lehiatuko da Antion. «Helburua finalera sailkatzea zen, baina banekien zaila izango zela. Justu ibili nintzen, baina lortu nuen».
Finalean maila hobea ematea espero du. «Finala prestatzen ibili gara. Finaleko lana kanporaketakoa baino luzeagoa izango da eta, lan luze hori prestatzen, beharbada kanporaketan txispa apur bat falta izan zait».
Aurtengo erronka nagusia euskal pentatloia izango da. Izan ere, bere azken parte hartzea izango da. «Nire aroa ondo bukatu nahi dut. Andoni Izetak eta biok hiruna txapel ditugu eta nire helburua berdinketa hori haustea da».
Pentatloia uzteko garaia iritsi zaio. «Prestaketa handia eskatzen du eta, gainera, gorputz txikia dut beste batzuen aldean. Harritzar horiekin asko sufritzen dut. Aldaketan eta belaunetan nekea nabaritzen ari naiz. Aspaldi erabaki nuen euskal pentatloia aurten uztea. Aizkorarekin, berriz, beste hiru bat urte jarraituko dut. Ez naiz plazan arrastaka ibiliko. Erreferente batzuk ditut, garaiz utzi dutenak, gorputzez ondo bukatu dutenak, eta nik ere ondo bukatu nahi dut. 50 urtetik aurrera ez dago miraririk egiterik eta gazteak indartsu datoz. Semeak edo alabaren batek nahi badu, gustura lagunduko diot. Ez dut herri kirolen mundua utzi nahi».
Elorri eta Saroi alabek ez dute oraingoz herri kiroletan aritzeko asmorik, baina Jon semea gustura aritzen da aizkorarekin. «5 urterekin hasi zen. Aizkoratxo bat hartu zuen eta amamarekin eta nirekin ibiltzen zen. Aurten bigarren urtea du plazetan. Oraindik 15 urte ditu eta kolpea falta zaio. Baina urterik urtera indartsuagoa da eta gogoa du. Gu behera goaz eta bera gora. Gainera, adi egoten da eta azalpen teknikoak ondo ulertzen ditu. Haserrealdiren bat edo beste izaten dugu, normala den bezala. Aitak kirolarien ondoan ibiltzea ez dela ona esaten da, baina ez nuke nahi horrela izatea. Bere ondoan ibili nahiko nuke. Ea etorkizunean ere elkar ondo ulertzen dugun. Alabei dagokionez, duela bi urte arte aizkorarekin ibiltzen zen, baina orain futbolera jo du. Ez da nire gustuko kirola, baina bakoitzak gustukoa duena egin behar du».
Semeak aitari ikusita hasi zela eta gustura aritzen dela dio. «Oso gustura aritzen naiz. Saio batzuetan aitarekin aritu naiz eta beste batzuetan bakarrik, baina oraindik plaza gutxi egin ditut».
Astelehenekoa ekitaldi berezia da beraientzat. «Auzoan aritzea eta elkarrekin, gainera, oso berezia da. Niri ilusio berezia egiten dit. Elkarrekin ondo moldatzen gara, gainera, ni azaletik eta bera barrutik», dio aitak.