Estandako beroa Antzizargo urak berotzeko erabiliko dute
Beasaingo Udalak, aldundiak eta Estandak akordioa sinatu dute. Trantsizio energetikoan, «aurrerapausoa» da. Aho batez onartu du hitzarmena udalbatzak.
Fundaciones Estanda S. L.-ko lantegiko fundiziorako labeek sortzen duten beroa Antzizar Kiroldegiko ura berotzeko erabiliko dute. Hau da, District Heating edo hiri-berokuntza deituriko sistema baliatuz, egun galdu egiten den beroa labeetako hozte-dorrean jaso egingo da eta kiroldegirantz bideratuko da hoditeria baten bitartez. Igerilekuetako, dutxetako, berogailuetarako eta kiroldegiko gainerako instalazioetako ura berotzeko aprobetxatuko da.
Asmoak ez dira berriak. Urteak daramatza Beasaingo Udalak proiektua diseinatzen, Estanda enpresarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Hemen dago nobedadea: apirilari zegokion osoko bilkuran aho batez onartu zen hiru aldeen arteko lankidetza hitzarmena. Joan den astean egin zen batzarra.
Beasaingo Udalak esan du esku artean zuen ekimen «garrantzitsuenetako bat» gauzatzeko «lehen urratsa» dela. «Hitzarmenari esker, udalak trantsizio energetikoaren bidean aurrerapausoa emango du».
Gasaren kostua erdira
Energia jasangarrien aldeko apustua egitea Beasaingo Udalak legealdi honetarako ezarrita dituen «helburu nagusien» artean dagoela gogorarazi du. Ingurumenaren zaintza eta klima aldaketari aurre egiteaz gain, energia kostuak gutxitu eta udal eraikinen energia beharrak autokontsumoaren bidez asetzeko desira ere aipatu ditu. Hala, udalaren kalkuluen arabera, kiroldegiko gasaren gastua erdira jaitsiko da, urteko CO2 isuriak 40.000 kg-tan gutxituko dira eta sei urtetan amortizatuko da gastua.
Behin epea pasata, udalak emandako datuen arabera, urtero 60.000 euro aurreztuko dira energia gastuan. Diru hori azpiegiturak berritzeko erabiliko du. Guztira 1.062.000 euroko inbertsioa izango da eta Beasaingo Udalak 385.500 euro finantzatuko ditu, kostu osoaren %36,2.
Antzizargo bidegurutzea biribilgunea izango da etorkizunean. Estandako beroa Antzizarrera eramateko egin beharreko lanak aprobetxatuko dituzte herriko mendebaldeko sarrera-irteera ere egokitzeko. Batera egingo dira bi lanak, era koordinatuan.
Beasaingo Udalaren aspaldiko nahia da Antzizargo bidegurutzea biribilgune bategatik ordezkatzea, «puntu beltza» delako. «Bide segurtasunari dagokionez, hobekuntza nabaria izango da», aipatu dute, «trafikoa hobetu eta ibilgailuek Beasainera sartzerakoan dakarten abiadura moteltzea eragingo baitu». Biribilgunea eraikitzeko eta hoditeria sistema Beasainen txertatzeko proiektuak 260.000 euroko aurrekontua du.