Aurkeztu dituzte Loinatz Jaiak
Beasaingo Udalak gaur argitu ditu Loinatz jaietako kartela eta egitaraua. Loinatz jaiak hasteko astebete falta da. Andramendiko haurrek eta Bareakeko kideek piztuko dute suziria
Beasaingo Loinatz Jaiak hasteko atzera kontaketa hasi da. Gaur egin dute aurkezpena, udaletxean, eta festetako kartela eta egitaraua ezagutarazi dituzte. Egitarauaren ardatza betiko ekitaldiek osatzen badute ere, berrikuntzetan egin dute azpimarra Leire Artola alkateak, Mariola Pascual kultur zinegotziak eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak; Muxutruk herriko musika taldeko ordezkariak ere bertan izan dira.
Loinatz jaiak aurten maiatzaren 10etik 19ra izango dira. Andramendi ikastolako haurrek eta Bareak elkarteak piztuko dute jaien hasierako suziria. Meratarien elkarteak 20 urte betetzen ditu aurten. 18:00etan izango da ekitaldia.
Gauean, Mariren jaitsiera zuzenean ikusi ahal izango da munduko edozein txokotatik, udalak zuzeneko emankizuna eskainiko baitu bere Youtubeko kanalean. Besteak beste, herriko paneletan ikusi ahal izango da edo Interneterako konexioa dagoen edozein txokotan. Mariren jaitsierak sekulako ikusmina sortzen du eta plaza lepo betetzen da: dantzarien kopurua mugatu egin dute aurten eta, hala ere, sekula baino dantzari gehiago elkartu dira entseguetan. Denei aukera emateko asmoz, bigarren eremu bat ere egokitu du antolakuntzak egun horretarako. Kale Nagusian kokatuko dira azken horiek, kopuru mugarik gabe.
Maiatzaren 11n Bulego talde azkoitiarrak bere azken lana aurkeztuko du gauerdian eskainiko duen doako kontzertuan. Honen aurretik Pho Bo herriko taldea izango da eta egun bat lehenago Beasaingo Muxutruk erromeri taldea. Gainerakoan jaietako musika eskaintza talde hauekin osatuko da: Rockalean, Itzal erromeri taldea, Cafee irlandees, DJak, Oihan Vega, Dj Aitana Grandes, UT! taldea eta Muxutruk erromeria. Hauez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako.
Zaratarik gabeko ordua ekimena ere izango da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin.
‘Martintxo’ Pello Irizarrentzat
Pello Irizar musikariari eta konpositoreari omenaldia egingo diote danborradan. Haurrena eta helduena plazan elkartzen direnean, 19:00ak aldera, Irizarrek anaiari eskainitako “Martintxo” pieza joko dute denek batera. Azken urteetan egin bezala, haurrak irtengo dira aurrena eta hauek bukatzean, helduei emango diete erreleboa.
Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak, eta kirol jarduerek bere lekua dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, kuadrillen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, Xaiborren ikuskizuna eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du 2024ko alea.
Alkateak jaiak, arduraz, errespetuz eta gizalegez gozatzeko deia egin du.
Ataungo Izaro Erauskin Altunarena izango da Loinatz Jaietako kartela. Azalean Mari agertzen da eta honen soineko azpian agertzen dira jaietako irudi esanguratsuak. Haurren mailan, Andramendi ikastolaren izenean, Izei Apaolaza Arangurenek egindakoa izan da aukeratua eta egitarauan txertatu da.