Ekhi Congil etxarriarrak eta Ainhoa Usandizaga oriotarrak egin dute Ezkiotik Izazpira joan-etorria azkarren
San Migel festen asteburuan, 17 korrikalarik parte hartu dute korrika proba historikoan. Lehia estua eduki dute gizonezkoetan lehen sailkatuek. Bigarren, Unax Agirre Osa mutiko elgetarrak egin du. Jai-egitarau betean eta jendetsuan daude ezkiotarrak.
Ezkion gaur goizean jokatu dute VIII. Izazpirako Igoera mendi lasterketa. Luzean 6,3 kilometrorekin laburra dirudien arren, 531 metroko desnibela gainditu behar izan dute gorantz korrikalariek, eta beste horrenbeste beherantz, euriak bustitako mendi bide labainkorretan. 17 korrikalarik parte hartu dute (15 gizonezko eta 2 emakumezko).
Lasterketa Ekhi Congil Mendiola etxarriarrak irabazi du, 36:03 minutuan. Bigarren postuan, Unax Agirre Osa mutiko elgetarra –14 urte– iritsi da (39:02), berbertan iazko irabazle Mikel Fernandez Atxa ezkiotarra zuela (39:05).
Emakumeetan, bi partaideren artean, Ainhoa Usandizabal Zubiaurre oriotarrak irabazi du (49:36), eta Sandra Corriols Iglesias 53:29 minuturekin iritsi da berriro Ezkioko plazara.
10:00ak puntuan abiatu dira denak batera, Argindegi ostatuaren paretik (440 metrora). Irteera-ordua ordubete aurreratu behar izan dute aurten, Azpeitiko Domusa mendi lasterketaren ibilbidea ere Izazpi aldetik igarotzekoa baitzen, 11:30 aldera. Atxurtzara zuzenean igo (642m), eta handik zedarritutako bidetik igo eta jaitsi behar izan dute Izazpira (971m). Gurutzea ukitu, eta buelta behera.
Aro berriko 8. proba izan arren, aurretik historia luzea dauka Izazpiko Igoerak. 1978an jokatu zuten lehenbizikoa, Jose Antonio Aranzadi ezkiotarraren eta Joxe Aierbe ataundarraren arteko apustuaren harira (historia irakurtzeko, hemen). Aierbek irabazi zuen. Urtero antolatzen hasi ziren gero.
Gaurko beste ikusminetako bat, Pello Garin zizurkildarrak 1982an jarritako denbora-errekorra inork hautsiko ote zuen zen; 500 euroko gainsaria zegoen lortzen zuenarentzat. Beste urtebetez indarrean jarraituko du Garinen balentriak; 31:26 minutuan geratu zuen kronometroa, aurrez inoiz ikusi gabeko ibilbidean dohain ikusgarriak erakutsita.
Mikel Fernandez, asfaltotik Izazpira
2023ko Izazpiko Igoeraren irabazle Mikel Fernandezek ez du egunik onena eduki. “Sufritu” egin du. “Goraka sentsazio txarrekin joan naiz gaur. Nire puntua hartzea kostatu zait. Azkenean, lehenengoarekin amore eman dut, eta nire erritmora joan naiz. Bukaeran, hobeto. Hau beti karrera gogorra da. Hasi eta segituan taupadak asko goratzen dira, eta kosta egiten da gero berriro errekuperatzen”.
Asfaltoan ibili ohi da, normalean, baina herriko mendi lasterketari ez zion muzin egin nahi. “Herrian oso polita da horrelako karrera bat egotea. Gainera, beti oso maitatua sentitzen naiz herri honetan. Gustura etortzen naiz karrera honetara”.
Marimurumendi maratoirako dortsala badauka, eta asmoa badauka. Donostiako maratoia ere korritu nahi du, baita ere. Sevillako maratoia ere egin berria da, 2:27 orduko denbora puskarekin. Handik “errekuperatzen” ari da oraindik. Behobia-Donostia 1:07 orduan egina da.
Ekhi Congil irabazleak bere lehenengo garaipena lortu du, mendi lasterketetan dabilenetik. Poza ezkutatu ezinik zegoen. “Goraka, orbela zegoen, eta oso ondo. Goiko zatia irristakor zegoen, baina bestela oso ondo”, azaldu du.
Duela bi urte hasi zen korrika Congil. “Bizikletan ibiltzen nintzen. Istripu bat eduki nuen, kamioi batek harrapatu ninduen. Beldurra hartu nion, eta korrika hasi nintzen. Lehengo urtean probatu nuen karrera hau, eta asko gustatu zitzaidan. Formatu hau, motza, toki bateraino joan eta etorri, xumea, gustatzen zait”. Laugarren postuan helmugaratu zen iaz.
Aurten duatloietan hasi da, eta berriro mendira “bueltatu” nahi du. Triatloiren bat ere probatu nahi du; “denetara”. Peluso zikloturista martxa, eta Sakanako krosa egiteko asmoa du hurrena, 24 urteko korrikalari etxarriarrak.
Aipagarria da Unax Agirre Osaren kemena ere. 14 urte ditu, Elgetakoa da, eta iaz denak ahoa bete hortz utzi bazituen laugarren eginda, aurten bigarren kokatu da –Mikel Fernandezek pixka bat lagunduta, dena esatera; eskerrak eman dizkio Agirrek bukatutakoan–.
Ainhoa Usandizaga aiarra, 32 urtekoa, lehenengo aldiz etorri da Ezkiora. “Ezagutzen nuen Izazpi mendia, baina beste aldetik. UZ Trail mendi lasterketa bat egin nuen, baina igoera beste toki batetik da”. Karrera “oso polita baina oso gogorra, era berean” iruditu zaio Izazpiko Igoera. “Kilometro bateko jaitsiera oso konplikatua dauka, han goikoa”. Eroriko bat ere izan du, bukaeran, eta ukondoa odolduta sartu da.
Duela hiru-bat urte hasi zen, mendia eta asfaltoa uztartuta. Zarauzko proba, Orioko mendiko lasterketa, ekainean Aran Trail, Uxue Trail Usurbilen, eta gero Nafarroa aldera joateko asmoa du, aurrerantzean.
Ezkio Izazpiko Igoera sailkapenak
Proba nagusiaren ondoren, haurren bi lasterketa egin dituzte: 10 urte baino gazteagoak atera dira lehenik, eta 10etik gorakoak gero.
Kroseko esatari lanetan Juanjo Sagastibeltza urretxuarra aritu da. Azkeneko urtea izan du Ezkion. Herri kirol, idi proba, aizkora saio eta gainerako korrikaldietan 18-20 bat urte egin ditu, eta aurten uztera doa. Hainbeste urtetan hitz egindako plazak agurtzen ari da. Urretxu eta Zumarragan azken saioa egin zuen; gaur Ezkion egin du; eta beste pare bat dauzka. Lehenengo esatari lanak Ormaiztegiko plazan egin zituela gogoratu du, San Andres jaietako herri kirol erakustaldia aurkezten. Harrezkero, Euskal Herria goi eta behe, eta ezker-eskuin zeharkatu du, harri jasotzaile, aizkolari eta herri kirolarien ikuskizunak janzten.
Ezkioko festak, goitik
Atzo hasi ziren San Migel jaiak Ezkion. Bihar arte izango dute lehenengo ekinaldia, eta maiatzaren 8a, San Migel eguna, ospatuko dute asteazkenean.
Sagardo dastaketak eta bertso afariak ez zuten hutsik egin, atzo. 180 herritar elkartu ziren frontoi estalian, afaltzeko. Iker Zubeldia, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarreta ziren bertsotan.
Udaletxekoek ere tradiziozko bazkaria atzo egin zuten, Argindegi ostatuan. Ohiturak markatuta bezala, urteko udalekoen oturuntza Ezkion egin dute, aurten ere. Hamalau lagun elkartu ziren, zazpi zinegotzi eta udal langileak gainerakoak.
Gaur ere leku berean eta herri bazkaritarako elkartuko dira ezkiotarrak: 220 bat lagun daude izena emanda. Ume jolasak (17:00), Trikidantz erromeria taldea (20:00) eta Mugi Panderoa taldea (23:00) izango dituzte.
Bihar, Urrezko Aizkolarien kanporaketa saioa dago. Osinalde baserriko Unai Etxeberria gazteak parte hartuko du. 17 urte ditu (aurten beteko ditu 18), eta hemezortziz beheko kategorian aizkoran ariko da.