Euskararen erabilera indartzeko proposamenak egin dituzte ikasleek
Emunen deialdiari erantzunez hizkuntza ohiturak aztertu dituzte Beasaingo ikastetxeetako DBHko ikasleek. Euskararen erabilpena indartzeko espazioen beharra nabarmendu dute
Euskararen erabilerari buruzko kezkak aurkeztu dizkiote Beasaingo udalari herriko Beasaingo ikastetxeetako DBHko ikasleek. Alderdi desberdinak izan dituzte kontutan; hizkuntza ohituren, bizipenen eta sentimenduen inguruan egin dute ikerketa, ondorioak zehaztu eta euskararen erabilera indartzeko proposamenak egiteko. Gaztelaniaren abantailak goiburupean, azken asteetan zehar egindako lanaren emaitzak udaletxean aurkeztu zituzten, iragan ostegunean.
Emunek egindako deialdiari erantzunez jardun dute ikasleek. Taldeka, hainbat galderari erantzunez hasi zuten ikerketa: Zein ingurunetan hitz egiten duten euskaraz eta zeinetan gaztelaniaz; zerk eramaten dituen euskaraz edo gaztelaniaz hitz egitera; eta zenbateko balioa ematen dioten hizkuntza bakoitzari.
Irakasleak eta udal ordezkarien aurrean, beraien ikuspuntuak azaldu zituzten. Jokaera ezberdinak behatu dituzte: hizkuntza bat bestea baino gehiago noiz erabiltzen den; zein testuingurutan batak besteari aurre egiten dion; eta zertarako diren interesagarriak, besteak beste.
Hizkuntza ohituren inguruan ikasleek ikusi dute, eskola orduetan, euskarak duela presentzia gehien. Handik kanpora, ordea, gaztelaniaren erabilerak gora egiten du, ikasleek erreparatu dutenez.
Ondorioztatu dute, euskara erabiliko den gazteei zuzendutako aisialdirako espazioen beharra dagoela Beasainen. Gazteleku baten falta sumatu dute, eta hala helarazi zioten Leire Artola alkateari.
Kulturaren esparrutik eragitea ere posible ikusten dute herriko ikastetxeetako ikasleek. Herriko agenda kulturalean euskal taldeen presentzia areagotzea proposatu zioten udalari, bestek beste.
Herriko establezimendu ezberdinetako langileekin ere lanketa bat egitea proposatu zuten, euskararen erabilera bultzatu eta ez dakitenei erakusteko, euskarak indarra irabaz dezan.
Bestalde, lehen hitza nola egiten den, horrek duen garrantzian azpimarra egin zuten gaztetxoek. Lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten.
Leire Artola alkateak, ikasleek egindako lana eskertu zuen: «Horrelako bilerak benetan aberasgarriak dira. Zuen ikuspuntutik, hainbat behar behatu dituzue, eta guretzat oso lagungarria da zuen hobekuntza proposamenak entzutea». Bertan jasotakoa kontutan izango zuela ere aitortu zien Artolak.