Lazkaomendin, urrezko ginga festei
Asteburuan ekitaldi jendetsuak, ikusgarriak eta gozagarriak izan dituzte Lazkaoko Lazkaomendi gainean, auzoko festetan.
Lazkaomendik ez du hutsik egin, beste behin, festei dagokienez. Hiru eguneko jai beteak ospatu dituzte, ostiral iluntzean Pipas jatetxekoek festak hasteko bota zuten pregoiaren atzetik. Iazko azaroan itxi zuten taberna, eta auzotarrek urtetako lanaren esker ona erakutsi diete, txupina pizteko keinua eginda. Buruhandiak, talo tailerra eta karaokea izan zituzten haurrek, gero.
Larunbatean, Lazkaoko 81. Proba txirrindulari lasterketarekin esnatu zen auzoa. Gorka Cortes arabarrak irabazi zuen, Ixurrene alboan kokatutako pankartan, lehenengo aldiz. Txirrindulariek bukatu zuten garai berean, eguerdian, Lartxai azpiko frontoi txikian pilota txapelketarenak borobildu zituzten 66 haurrek, gehienak lazkaotarrak eta zaldibiarrak. Pilota jaialdian 6 eta 12 urte artekoek jokatu zuten, binaka, adinaren arabera sailkatutako hiru mailatan. Liga eran jokatu zuten, eta lehenengoek finalak jokatu zituzten. Hauek izan ziren garaileak:
- LH1/LH2 mailan: Garaileak: Mikel Zubeldia eta Oinatz Arruabarrena. 24 pilotarik hartu zuten parte.
- LH3/LH4: Garaileak: Haizea Agirre eta Eneko Garin. 24 pelotarik hartu zuten parte.
- LH5/LH6: Garaileak: Ainere Azpiazu eta Inhar Agirre. 18 pelotarik hartu zuten parte.
Arratsaldean, dagoeneko ikusmin handiko ekitaldia izan ohi den herri kirol desafioa jokatu zuten hiru taldek. Lazkaomendiko gazteek irabazi zuten, zaldibiarren taldea geratu zen bigarren, eta Lazkaomendiko beteranoak hirugarren.
Egindako lanak hiru itzulitan banatu zituzten. Lehen biran, korrika (1 km), trontzan (2 korte), gurpil altxatzea (10 jasoaldi), ingudea (40 kolpe), harri jasotzea (5 jasoaldi), koskol biltzea (10). Bigarren itzulian trontza (2 korte), gurpila (10 jasoaldi), ingudea (40 kolpe), harria (5 jasoaldi) eta koskoletan (10) jardun ziren. Eta hirugarren itzulian trontzan (2 korte) eta gurpilarekin (10 jasoaldi).
Ondoren, harri zulatzea egin zuten, 30 minutu osatu arte. Taldekide denek hartu zuten parte, txandan-txandan. Harri zulaketan, gazteek hondoratu zuten gehien palanka: 611,5 mm (zulo guztien batura); ondoren zaldibiarrek (571,84 mm) eta azkenik beteranoek (570,44).
Gauean, auzo afarian 74 lagun elkartu ziren, Lartxai elkartean. Ondoren, trikitilariak eta bertsolariak (Aratz Igartzabal gabiriarra eta Mikel Etxezarreta olaberritarra) jardun ziren, eta parranda girotzeko Oixani DJ lazkaotarra, goizaldeko bostak arte.
‘Lazkaomendi harria’ lehen aldiz plazara
Mendi ibilaldiarekin ekin zioten igandeko jardunaldiari. 40 bat haur igo ziren Lazkaoko plazatik, goizean, ohi baino gutxiago. Gurasoek lagunduta joan ziren Lazkaomendira, Suki, Amundarain eta Abalinen barrena. Ikastolak eta Amalur mendi elkarteak antolatu dute.
Argazki lehiaketa ere egin zuten, bidean ateratako erretratuekin. Launa laguneko taldeetan bereizita, arin suertatu zitzaien ibilaldia. Barraskilo bati ateratako argazkiarekin, irabazle Laia Mendiluze, Iraia Agirre, Aiora Zabala eta Uxue Deba suertatu ziren; hirugarren urtez jarraian irabazi du talde horrek argazki lehiaketa.
Ume jolasak egin zituzten ondoren, Ixurrenen, txikien eta gurasoek gozamenerako. Trikitilari lazkaotarrekin erromeria ere girotu zuten, eguerdian, ateri eutsi baitzion. Meza ere eman zuten San Joan Anterpotalatina ermitan. Dionisio Amundarain apaiza izan zen meza-laguntzaile, 94 urterekin.
Euriak igande arratsaldeko ekitaldiak baldintzatu zituen, baina lortu zuten iragarritakoak burutzea. Ahal zen bezala, toldo eta karpa azpietan antolatu zituzten Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia eta harri jasotze erakustaldia.
Xiker Larrea, Garazi eta Olaia harri jasotzaileek osatu zuten erakustaldia. Datu historiko bat ere bazuen saioak. Lehenbiziko aldiz, Lazkaomendi harria izendatu duten harria atera zuten plazara. Otermin Txiki baserriko harria da, 158 kilokoa pisuan, motza eta baldar erakoa. Xiker Larrea beasaindarrak altxatu eta berdindu zuen bizkarrean.
Hurrengo urteetarako, abiapuntua jarrita utzi nahi zuten, norbaitek berriz saiatu nahi badu ere.
Lazkaomendin ekitaldi bat falta da, egitaraua osatzeko. VII. Mus txapelketa datorren larunbatean, maiatzak 11, jokatuko da, Lartxai elkartean. Izen-ematea 15:30etik 16:00etara da, bikoteko 30 euro ordainduta. Zozketa 16:00etan egingo dute, eta jokoa 4 erregera, 30 tantora eta hiru ustelera da.
Sari mardulak jarri dituzte. Irabazleek 1.000 euro eta txapelak eramango dituzte; bigarrenek 500 euro; hirugarrenek 200 euro, eta laugarrenek afaria birentzat. Partaide guztien artean afari bat ere zozkatuko dute.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga (herri kirol desafioa), Aimar Maiz (ume jolasak) eta Lazkaomendiko antolakuntza taldea (gainerakoak).