Kaixomundua.eus lehiaketako bi sari Beasaingo ikastolarentzat
Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak.
Puntueus Fundazioak antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren bosgarren edizioan banatu diren lau sarietatik bi Goierrira etorri dira. Beasaingo Andramendi ikastolako bi ikasgela izan dira sarituak.
Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da Kaixomundua.eus lehiaketa eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak. Horretarako, ikasleek webgune erreal bat sortu dute lan motibatzaile baten bidez, eta kontsumitzaile digital izatetik, sortzaile digital izatera pasatu dira. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza indartzea ere bada lehiaketaren xedeetako bat.
DBHko lehenengo eta bigarren mailakoen artean, Ainhize Berasategik, June Gorostizak eta Araitz Imazek jaso dute saria, psikologikoki.eus proiektuagatik. Kategoria honetan finalera iritsi diren beste bi proiektuak ere Beasaingo Andramendi ikastolako ikasleenak dira; pantailenparean.eus eta elikaduraguztionardura.eus dute izenburua.
DBH hirugarren eta laugarren mailakoen kategorian, Bihotz Rey eta Ane Malkorra izan dira irabazleak, digema.eus proiektuarekin. Finalisten artean izan da ere ezfidatu.eus proiektua.
Batxilergoko saria, Lekarozera joan da eta Lanbide Heziketakoa Arrasatera.
Partaidetza zabala
Urtez urte, partaidetza gora ari da lehiaketa honetan. Bosgarren ediziokoa, ikasleei dagokionez altuena izan da; 54 ikastetxeetako 1.334 ikaslek parte hartu dute. Proiektuei dagokienez, 220 webgune aurkeztu dituzte.