Landare basatiak zentzumenen pizgarri, Bide Berdearen Egunean
Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdearen 15. Eguna ospatuko dute larunbatean. Bildutako landare basati jangarriekin saio gastronomikoa egingo dute Mutiloan.
Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdearen eguna ospatuko dute larunbat honetan. 15. edizioa izango da aurtengoa eta Bide berdetik mahaira izenburupean jardunaldia antolatu du Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak, Goitur eta Ormaiztegiko eta Mutiloako udalekin elkarlanean. Azken urteetan bezala, Clara Gutierrez biologo eta etnobotanikoak dinamizatuko du jarduera. Dagoeneko, 30 bat pertsonek eman dute parte hartzeko izena eta ez dago gehiagorentzako lekurik.
Ibilaldi gidatuari 9:30ean emango diote hasiera Lierniko bidegurutzean, Mutiloan. Ibilbide zirkularra osatuko dute Barnaola, Troi Bidea eta Mutiloatik igarota, berriz Liernin amaitzeko. Ibilbidean zehar sukaldaritzan erabiltzeko landare eta loreak identifikatuko eta bilduko dituzte Gutierrezen gidaritzapean, haien ezaugarriak eta propietateak ezagutuz.
Ibilbidea amaitu aurretik, Mutiloan geldialdia egingo dute, Txerri Gorri elkartean saio gastronomiko bat egiteko. Jasotako landare eta loreekin sei plater osatuko dituzte, ondoren bertaratutakoen artean dastatzeko. Liernira itzulita emango diote amaiera jardunaldiari.
Azken bost urteetan egin ditu dinamizazio lanak Clara Gutierrez adituak Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdearen egunean. Bide Berdeak trenbide trazatu zaharretan zehar doazen bideak dira. Gaur egun, aisialdiaz gozatzeko egokitu dira asko, oinezkoentzako eta motorrik gabeko ibilgailuentzako pasealeku bihurtuta.
Landare eta jangai basatiak
Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdea «landare basatien oasi» bat da Gutierrezen esanetan. Bertako landarediaren gordailu da eta berez sortzen den ekosistema natural baten adibide garbia. Gero eta gutxiago geratzen dira eta horregatik, espazio berdeak «erlikiak» dira, egun.
Larunbateko saioan jangarriak diren landare basatiak bilduko dituzte. «Bidea ekosistema ezberdinek osatzen dute. Horietako bakoitzean jangarriak diren landareak identifikatu eta bilduko ditugu. Gaur egun ahaztuta dauden landare jangarriak dira, baina antzina asko erabiltzen ziren», azaldu du Gutierrezek.
Mota askotako landare eta fruitu basatiak aurkitu daitezke bertan, ugari: «Marrubi basati asko dago, askotariko lore jangarriak ere bai, zerbak, espinakak, ilarrak, zainzuri beltzak, intsusak, asunak …», zerrendatu ditu. Modu basatian hazten diren landare hauek nutrizio-balio handiko jangaiak dira, «gaur egun landatzen ditugunak baina askoz ere gehiago».
Ahaztutakoa gogoratzea
Plater «xumeak» prestatuko dituzte Txerri Gorri elkartean, baina «gorputzak bereziki eskertuko duen esperientzia izango da». Gaur egungo gizartean, jada ahaztuta dagoen ohitura bat berreskuratuko dute, «ez dugu ezer berria asmatuko. Gai sozioekonomikoengatik galdu den ohitura da, ez landareek euren balioa galdu dutelako», uste du Gutierrezek. Izen emateak arrakasta izan du beste behin, eta dagoeneko leku guztiak beteta daude.