Aralarren "ezer finkatu aurretik" mugimendu ekologistarekin eta kontserbazionistarekin egoteko eskatu die Landarlanek erakundeei
Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarren kudeaketarako egindako akordioa eskatu die bi erakundeei Goierriko ingurumen elkarteak, baita mendian izandako bi suteei buruzko informazioa ere.
Landarlan Goierriko Ingurumen elkarteak eskaera zuzena egin die Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bi erakundeek Aralarren kudeaketarako akordioa sinatu zuten apirilaren 29an, eta akordio hori eskatu die batetik, eta bestetik, honakoa: “Legealdirako ezer finkatu aurretik, mugimendu ekologista eta kontserbazionistekin elkar banatzea eskatu diegu, abeltzainekin egingo den bezala”. Akordio hori, “hasiera batean albiste ona izan badaiteke ere, bere edukia da garrantzitsuena”.
Akordio horrek Aralar Natur Parkeko lurrei eragiten dienez, Landarlanek bi erakundeei gogorarazi die Aralar Natur Parkearen helburuetako bat hauxe dela: “Natur baliabideak babestu, kontserbatu, leheneratu eta hobetzea; bereziki, natur guneak eta flora eta fauna basatiak”. Akordio horretan jasotakoa “helburu horren arabera aztertuko” dutela dio ingurumen elkarteak, “ezin baitu helburu horren aurkakoa izan, edo erdizka betetako helburuan geratu”.
Suteei buruzko informazioa
Bestalde, azken hilabetean izandako suteei buruzko informazioa ere eskatu die. “Enirio-Aralar mankomunitateak prentsa ohar egokia atera zuen bere lurretan Larraone eta Etitzegi artean baimenik gabe izandako suteaz, baina lehenago atera behar zuen eta hori da hurrengoetarako eskatu dieguna, eta baita ikerketa eta hartutako neurrien berri ematea ere”.
Sute horiei buruz aldundiak “publikoki ezer ez adierazi izana” gaitzetsi du Landarlanek, “ez baimenik gabeko suteaz eta ezta berak baimendutako Abaltzisketako suteaz ere, eta hori larria dela deritzogu”. Horregatik “informazio zehatza” eskatu dio aldundiari bi suteez.