Arantzazura ‘peregrinazioan’ elkartuko dira zegamarrak
Maiatzaren 19an joan eta hurrengo egunean itzuliko dira. Parte hartzeko izen ematea irekita dago jada. Goierriko erromesaldien egutegiko lehena izango da.
Aspaldiko ohitura dute, hala Zegaman, nola Goierriko beste hainbat herritan ere, Arantzazura erromesaldian joatearena. Zegamarren peregrinazioa —hala esaten diote herrian— Pentekoste igandean egin izan ohi dute beti eta Goierriko erromesaldien egutegiko lehendabizikoa izaten da. Maiatzaren 19an eta 20an egingo dute aurtengoa. Parte hartzeko izen ematea bihar arte dago irekita.
Maiatzaren 19an, 9:00etan eta 10:00etan irtengo da autobusa Zegamatik erromesak apeaderora eramateko. Eskistako txabolan bazkaria egingo dute udalak eskainita 13:30ean, Saioa eta Eider Berasategi trikitilariek alaituta. 17:00etan Arantzazurako bideari helduko diete berriz. Ordu berean, autobus bat irtengo da Zegamatik Arantzazura eta 19:00etan izango da itzulera. Errosarioa errezatuko dute 20:00etan Santutegian eta 21:00etan afaritara elkartuko dira. Urtero, aterpea zegamarrez lepo betetzen da, gaua bertan igarotzeko.
Maiatzaren 20an, Pazko bigarrenean, 8:00etan irtengo da autobusa Zegamatik Arantzazura. Herritarrak 10:15ean elkartuko dira Goiko Bentan eta Santutegirainoko prozesioa egingo dute agintariek eta txistulariek lagunduta. 13:30ean bazkaria izango da eta 15:00etan izango da Zegamara oinez doazenen irteera, eta 16:30ean autobusarena.
Izen ematea, astelehenetik ostegunera
Oinezkoei ongietorria egingo diete herritarrek San Bartolome ermitaren alboan, 19:00ak inguruan. Ondoren, Ama Birjinari ongi etorria egingo zaio Zupurrutin eta prozesioa San Martin parrokiara joango da gero. 19:30ean ogitartekoak era ardoa banatuko dituzte udaletxeko arkupetan. 21:00etan afaria izango da leku berean eta amaitzeko, 22:00etan Los Chingones de la renche taldearen emanaldia.
Autobusean joan etorriak egiteko eta astelehen iluntzeko afarirako izen ematea astelehenean irekiko da, ostegunera arte. Herrian erroldatutakoek lehentasuna izango dute izena ematerakoan.
- Igande goizean apeaderora joateko autobusa doan izango da
- Igande zein astelehen arratsaldean Arantzazutik Zegamara joateko txartela: 2,5 euro.
- Astelehenean, Arantzazura joan etorria (Zegama-Arantzazu-Zegama): 5 euro.