Argazkigintza digitalean murgiltzeko aukera Legazpin, Ikatzaren ikastaroarekin
Hilaren 17tik 31ra bitartean izango da, arratsaldez, eta gehiena aire librean. Teoria eta praktika uztartuko dituzte, eta 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta.
Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteak ikastaro berri bat emango du argazkigintza digitalean murgildu nahi duten 16 urtetik gorako guztiei zuzenduta,. Parte hartzeko izena eman behar da Kultur Etxean, eta hilaren 14a da azken eguna. Ikastaroa hilaren 17tik 31ra arte izango da, astelehen, asteazken eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara, eta prezioa 50 eurokoa da. Aspalditik Ikatzako kide eta argazkilari profesional diren Gorka Gomez eta Mikel Bravo izango dira irakasleak, baina elkartekide gehiagoren laguntza izango dute, besteak beste Julian Gilena, Errikarte Agirrerena eta Julian Auzmendirena.
Ikastaro praktikoa batez ere
Teoria eta praktika uztartuko dituzte ikastaroan, baina batez ere praktika, eta saioetako gehienak aire librean izango dira horregatik. Bravok azaldu duenez, “maiatzean arratsaldeak luzeak dira, argi asko dago oraindik ikastaroa emango dugun orduetan, eta argazkiak ateratzeko oso aproposak dira, baita euria egiten badu ere, beti ez delako eguraldi ona behar horretarako”.
Ikastaroa 16 urtetik gorako edonorentzat da, argazkiaren munduarekiko interesa duen edonorentzat, eta ez da derrigorrezkoa kamera edukitzea, ez duenari Ikatzak utzi diezaiokeelako. Bestela, kamara konpaktuak zein reflexak balio du, beti ere digitala bada, eta eskuz maneiatu badaiteke. Enfokea, argia, konposaketa, objektiboaren erabilera, kolorea… eta beste hainbat kontzeptu landuko dituzte,. Kameraren osagarrien inguruan ere jardungo dute, eta irudi txartelaz, objektiboaz, tripodeaz eta beste gai batzuetaz ere hitz egingo dute. Alde horretatik, aholkuak ere emango dizkiete kamera bat erosi nahi dutenei: “Baten bat kamera erostekotan bada, itxaron dezala ikastaroa amaitu arte, eta guk lagunduko diogu aukeratzen” esan du Bravok.
Ikatzako bazkide
Behin ikastaroa eginda, ikasleek Ikatzako kide bihurtzeko eta Kultur Etxean duen lokaleko azpiegitura eta estudioa erabiltzeko aukera dutela azaldu du Bravok, “ikasten jarraitzeko”. Izan ere, elkartearen funtzionamendua elkartrukean eta elkarren arteko ikaskuntzan oinarritzen da. “Nik neuk ere, eta orain argazkilari profesionala naiz, Ikatzan ikasi nuen gehiena”.
Eta hor jarraitzen du gainera, gaur Ikatzako lehendakaria delako Mikel Bravo.