Errege Kopa jokatzeko txartela eskuratu du Beasainek
Hirugarren Federazioko liga amaitzeko partida baten faltan, bigarren postuan daude, igoerako kanporaketak jokatzeko postuetan. Jubenilak mailaz igo dira.
Beasainek hirugarren federazioko ligako azken partida jokatuko du asteburu honetan. Irabaziz gero, bigarren mantenduko dira sailkapen nagusian, iragan asteburuan, Leioaren aurka, Loinaz zelaian 3 eta 1 irabazi ondoren. Mailaz igotzeko Play Offetarako postu bat ziurtatuta dute Mikel Arruabarrena tolosarraren mutilek, eta azken garaipenak, hurrengo denboraldian Errege Kopa jokatzeko txartela eman die.
Sailkapen nagusiari begira, hurrengo neurketan berdinketa lortzea nahikoa du Beasainek bigarren postuari eusteko. Gainera, kontutan izanda, Basconia, sailkapenean hirugarren dagoena, Athleticenen filiala dela, eta Gasteiz, taldeko liderra, Eibarrena, Errege Kopa jokatzeko aukerak ukatzen dizkie, Beasaingo taldeari lekua eginez.
Ligako azken jardunaldian, Deusturen aurka jokatuko dute beasaindarrek. Larunbatean izango da, 18:00etan, etxetik kanpo.
Aurreko partida, etxean jokatutako azkena, berezia izan zen hainbat arrazoiengatik. Partida hasi aurretik, Kepa Lasa Beasain KE-ko presidenteak urrezko intsignia eman zion Iban Claver kapitainari. Beasaingo taldean hamar urte bete ditu, eta bere lana ezinbestekoa izan da urte hauetan guztietan. Taldekideek besoko bat oparitu zioten, bere ibilbidean egindako ahalegina eskertzeko. Gero, partidan, Markel Pitak bi gol sartu zituen eta Beñat Izagirrek egin zuen hirugarrena, azken minutuetan.
Jubenilak gora
Albiste on gehiago ere bada ligako amaieran Beasainen. Izan ere, jubenilen taldeak mailaz igotzea lortu du eta hurrengo denboraldian Ohorezko Jubenil mailan jokatuko dute beasaindarrek.