Gabiriako eguzki-plaken lehen instalazio publikoa ari da lanean
Energia berriztagarria sortzeko Gabiriako aurreneko instalazio publikoa aktibo dago. Udalak 71 eguzki-plaka jarri ditu Balentzategi herri eskola dagoen Oroitz-Ona etxearen teilatuan, eta dagoeneko eskola-etxearen beharretarako energia sortzen ari da.
Apirileko lehen astean egin zituen Tapia elektrizitate enpresak lanak, eta apirilaren 5ean ipini zuten funtzionamenduan. Teilatuko lau isurialdeetatik hirutan kokatu dituzte plakak.
Guztira, 30 kilowatteko potentzia sortzeko ahalmena daukate 71 plakek. Inbertsioaren kostua 28.680 gehi BEZa izan da, erdia foru laguntzekin ordainduta.
Eraikin bakoitzak berea
Herriguneko eraikin publiko denetarako frontoian parke fotovoltaiko bateratuaren proiektua baztertuta –banaketa ez errentagarriagatik–, eraikin bakoitzean jarriko dituzte plakak. Hurrena udaletxean jartzea da asmoa, isolamendua hobetutakoan.