Sanson, jentil bekaiztia
Segura eta Zerain artean egiten den Sanson mendi lasterketa egingo dute bihar. Zazpi urteren ondoren mendi lasterketen egutegian tokia egin du jada, eta aurten ere Goierri Trail Koparako puntuagarria izango da.
Ba omen zen behin, Sanson izeneko jentil bat Aizkorrin. Kondairak dio, Aralarko larre berdeen inbidiaz bizi zela. Behin, amorruaren amorruz, harri bat jaurti zuen Aizkorritik Aralarrera. Zeraingo barrutian dago gaur egun haitz hori, eta horren aitzakian, zazpigarrenez antolatuko dute aurten ere Segura eta Zerain artean egin ohi den Sanson mendi lasterketa.
Larunbat arratsaldean jokatuko da Segura Kirol Elkarteak antolatuta. Odilo Rivela antolatzaileak azaldu duenez, lasterketa «ohiko formatuan» egingo da, baina aurten, irudia berritu diote: «Gaurkotu egin nahi genuen, modernizatu». Lasterketaren jatorria ez dute ahaztu, ordea, eta irudi berriak Sanson jentila eta harria ditu protagonista.
Lasterketa «gogorrak»
Bi lasterketa izango dira aukeran, «Trail, luzea (15:30) eta Sprint, motza (16:00)». Seguratik irten eta Zerainera bitartean, bi ibilbideak elkarren ondoan joango dira. Behin, jentilaren haitzera iritsita banatuko dira: «Motza ezkerrera eta luzea eskuinera». Lasterketa luzeko ibilbideak Oamendira joko du, handik Arranoaitzera eta beherakoan Barbari auzora. Barbari auzoa goitik behera igarota Kortaberriko biribilgunera jaitsi eta berriz gorako bidean Oamendi atzetik barrena «azkeneko hiru aldapa gogorrak» igota Santa Barbarako ermitatik behera egingo du, berriz Seguran amaitzeko.
Motzean ibilbidea nabarmen laburtzen da. «Jentilaren haitzetik zuzenean Kortaberriko biribilgunera jaitsi, handik Oamendi atzeko hiru aldapak igaro eta Santa Barbaratik Segurara». Trail proba 25 kilometro luze da orotara, eta 1.700 metroko desnibela du. Sprint, 14,5 kilometrokoa da eta 880 metroko desnibela. Rivelak dio teknikoki «zailtasun berezirik gabeko lasterketak» direla biak, baina kilometroek eta desnibelek «proba gogorra» bihurtzen dutela. Biharko eguraldi ona dago iragarrita eta «bero puntuak ere zaildu» dezake korrikalarien lana.
Kirola eta festa Seguran
Mendi lasterketen egutegian tokia egitea lortu du zazpi urte hauetan Sanson probak. Aurten ere, Goierri Trail Koparako puntuagarria izango da eta lider dabiltzanen parte hartzea espero dute. Urtero «200 -220 parte hartzaileren» bueltan ibili ohi dira. Batzuentzat urteroko hitzordua ere bihurtu da: «Goierritarrak dira gehienak, baina bizkaitarrak, nafarrak… ere etortzen dira. Alacanteko (H. Katalanak) bisitari batzuk ere izaten ditugu urtero», esan du Rivelak.
Antolakuntza ere egonkortua dute eta egunean bertan «80 bat herritar» izaten dira urtero laguntzen. Kirol proba bai, baina festa eguna ere izango da biharkoa Seguran, «jendeari esperientzia polit bat eskaintzen saiatzen gara, eta herrian giroa jartzen ere bai». Hala ere, Aizkorri aldera tentuz begiratzea komeni da, harriren bat eroriko ote den edo.