Zimurren samurtasunaz
Zaldibiako adineko emakumeak ahalduntzeko eta euren arteko sarea osatzeko, ‘Ximurrak xamur’ programa abiarazi dute. Zaintzaren erronkari aurre nola egin da sakoneko egitekoa.
Zaldibian, adineko emakumeen komunitate anitz eta zabalaren. beharrizanak ahalik ondoen jasotzeko, Ximurrak xamur programa abiarazi du udalak, Emagin elkartearekin batera. Herenegun arratsean egin zuten lehen juntadizoa Karreanen, eta 35 bat emakume joan ziren.
Gizartean kezka eragiten duen eta etorkizunera begira erronka-kutsua hartzen duen zaintzaren gaiari heldu nahi diote, adineko emakumeen arloan kasu honetan. Urte batzuk badaramate amatasuna, zaintza eta hirugarren adina lantzen. «Ondorioa da, zaintza dela gai bat erabat kezkatzen gaituena, eta hurrengo urteetan erronka handia izango dena, adineko jende asko dagoelako», azaldu du Katrin Lizarralde zinegotziak.
Oso herritar-multzo anitza da, ordea, adineko emakumeena. 60, 70, 80 edo 90 urte izan, ez baitira berdinak bakoitzaren kezkak, beharrak, pentsaerak eta aukerak. «Horrenbestez, luzerako proiektuak egin beharra dago, ezin baita urte batetik besterako plangintzarekin geratu».
Adin askotakoak, bateratu
Emagin elkartearen gidaritzarekin, talde eragile bat sortu zuten lehenik, hainbat emakumerekin: Beti Gazte elkartekoak, Pentsionistak taldekoak, militantzian urtetan ibilitakoak… elkartu ziren. «Denak 60 urtetik gorakoak dira, baina oso aktiboak herrian. Gogoeta egin genuen, nondik nora joan».
Bi bidetatik joko dute aurrera. Batetik, zaintzaren diagnostikoa egingo du Emaginek, abendurako. Adineko emakumeen sarea jostea ere garrantzitsutzat jotzen dutenez, hortik sortu da Ximurrak xamur programa.
Bigarren ekimen horren lehen urratsa herenegun egin zuten: elkarren artean berez lotura handirik ez duten edo elkartzen ez diren herritar multzo horiek batzea. «Elkartu ginen 30-35 lagunak oso profil ezberdinekoak dira. Oso zaila da hori gertatzea, gutxitan gertatzen da. Kontu-kontari aritu ginen, eta oso polita izan zen», dio Lizarraldek.
Bigarren ekimen horren lehen urratsa herenegun egin zuten: elkarren artean berez lotura handirik ez duten edo elkartzen ez diren herritar multzo horiek batzea. «Elkartu ginen 30-35 lagunak oso profil ezberdinekoak dira. Oso zaila da hori gertatzea, gutxitan gertatzen da. Kontu-kontari aritu ginen, eta oso polita izan zen», dio Lizarraldek.
Hilean ekitaldi bat
Behin ahalduntze prozesuan sartuta, sei hilabetean sei ekintza egiteko konpromisoa hartu dute orain, hilean behin bat, adineko emakumeen sare hori josteko. Zine-forumak egingo dituzte, edota ekainaren 4an Mariluz Esteban antropologoak Andrezaharraren manifestua solasaldia emango die.