Agintarien soka-dantza Loinatz Jaietako igande goizean
Agintarien soka-dantza egin dute Loinatz Jaietako igande goizean. Jende ugari bildu da bertan ikuskizunerako.
Loinatz Jaietako lehenengo egunak pasata, udaletik plazara atera dira dantzara, agintarien soka-dantzan. Lehenik eta behin, Ordiziako alkate den Adur Ezenarro eta Lazkaoko alkate den Kepa Zubiarrain izan dira dantza honi hasiera emateko Beasaingo plazan. Haiek dantzatu ondoren, Ezenarrok Beasaingo alkateari eman dio uztaia, Leire Artolari, eta hasiera eman diote soka-dantzari. Artolaren gidaritzapean itzuli ugari eman dituzte plazan zehar. Aitor Aldasoro alkate ohia izan da ilara itxi duena gaurkoan eta biek ala biek, Artolak eta Aldasorok desafioa dantzatu dute. Ondoren, gainontzekoen txanda izan da, Beasaingo soka-dantzan ere horren ezaguna den Alpargata dantzarekin. Jarraian, Artolak eta Aldasorok gaurkoan dantzarako bikote gisa eraman dituzten haien semeei Agurra eskaini die.
Amaiera emate aldera, gaurko dantzari guztien bikoteak sartu dira plazara eta guztiek elkarrekin fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Azkenik, salto artean sartu dira udaletxe barrura, Beasaingo Martxarekin kalejira eginez.