Euskal Herriko bakarrizketa lehiaketako saioa, ostiralean Urretxun
Bergarako Jardun euskara elkarteak eta Goiena komunikazio taldeak Algaraka bakarrizketa lehiaketa antolatu dute, Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Urretxuko, Zumarragako eta Zumaiako udalen laguntzarekin. Hala, bigarren kanporaketa Urretxun izango da: ostiralean, 20:00etan, Labeaga aretoan. Sarrera doan izango da, baina izena ematea aholkatu dute, aforo arazorik egon ez dadin. Bi herrietako udaletako sare sozialetan eman daiteke izena.
Urretxuko saioan Joana Arakistain (Gasteiz), Josu Arrizabalaga (Donostia), Ion Txiki Martinez (Donostia) eta Gaizka Sarasua (Billabona) arituko dira. Kanporaketa guztietan profesional batek saioari amaiera emango dio eta Urretxukoan Iker Plazaola izango da bakarrizketari gonbidatua.
Lehiaketa maiatzeko lau ostiraletan egingo da. Lehen kanporaketa ostiralean izan zen Bergarako Seminarixoa aretoan, bigarrena ostiral honetan Urretxun eta hirugarrena maiatzaren 24an Zumaiako Aita Mari aretoan. Finala maiatzaren 31n izango da, Bergarako Seminarixoan. Saio guztiak 20:00etan izango dira eta ETBren Primeran streaming plataforman ikusi ahal izango dira.
Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6-8 minutuko bakarrizketa egingo dute. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak 600 euro. Publikoaren saria ere emango dute: Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari etxean gaua eta gosaria.
Saioak Miren Nogales eta Jon Olivares aktoreek aurkeztuko dituzte. Epaimahaia Idoia Torregarai kazetari eta umoristak, Josu Zubia kulturgile eta pailazoak (Potx) eta Aner Peritz bertsolari eta sortzaileak osatuko dute.
Urretxuko saioa atzo eguerdian aurkeztu zuten Labeaga aretoan. Aurkezpenean Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Nerea Errasti Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Bi herrietako bizilagunak ostiraleko saiora joatera gonbidatu zituzten.