‘Pop art paperezko museoak altxorren gordelekua’ familientzako tailerra Igartubeitin
Museoen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako ekitaldia da. Larunbatean ate irekien jardunaldia ere egingo dute museoan.
Igartubeiti baserri museoak ICOMek antolatutako Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du aurten ere, Museoak, hezkuntzaren eta ikerketaren alde lelopean.
Zer da museo bat? Zer erakusten digu museo batek? Galdera horiei erantzuteko saioa antolatu dute, non familiek museoa zer den ikertu ahal izango duten eta bertan ezkutatzen diren altxorrak ezagutuko dituzten. Gainera, paperezko museo propioak sortzeko aukera izango da Aran Santamaria artistaren laguntzarekin, modulu arkitektonikoak, collage teknikak eta pop art teknikak erabiliz. Sormena landuz norberak bere museoa sortuko du, bertan altxor baliotsuenak gordetzeko.
Gainera, Igartubeitik ate irekiak antolatu ditu maiatzaren 18an. Sarrera doakoa izango da, eta museoa bisitatzen dutenek XVI. mendeko baserriak eta haren interpretazio-zentroak hartzen duten ondare materialean eta ez-materialean murgiltzeko aukera izango dute.
Beharrezkoa da aurrez izena ematea familia saiorako; 943 72 29 78 telefono zenbakian edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean.