San Isidro kalera aterako dute bihar, 56 urteren ondoren
Lau baserritarrek aterako dute prozesioan santua. Pilota desafioa eta bertso saioa ere izango dira. Jai giroan ospatuko dute nekazarien zaindariaren eguna Seguran.
Isidro nekazaria Madril islamiarrean jaio zen XI. mende hasieran. Jakina denez, garaiko lur jabe aberatsentzat lan egiten zuen, jornalari. Lurralde musulmanean jaioa bazen ere kristaua zen fedez, eta hainbat mirari ere egotzi zaizkio. Horregatik, XVI. mendean kanonizatu zuten eta ordutik, maiatzaren 15ean ospatu ohi da San Isidro, nekazarien zaindariaren eguna.
Seguran ere, badago santu nekazariari gorazarre egiteko ohitura, eta baserritarrek festarako eguna izan ohi dute. Aurten, 56 urteren ondotik, San Isidroren irudia prozesioan aterako dute baserritarrek, mende erdian galduta egon den ohitura berreskuratzeko asmoz.
Berezia da Segurako San Isidroren irudia, santua idi pareaz lagunduta ageri baita. Joseba Telleria segurarrak azaldu duenez, idiak ez ziren jatorrizko irudian existitzen, beranduagokoak dira. «Herriko adinekoek kontatzen dutenez, aspaldi, diru bilketa bat egin zuten auzo ezberdinetako baserritarren artean, eta bilketa hartan batutako diruarekin jarri zioten idi parea Isidro santuari», gehitu du. Lau baserritarrek —bi emakume eta bi gizonek— eramango dute santuaren irudia, bihar, Segurako kaleetan barrena.
Pilota partida eta bertsoak
Urte guzti hauetan Andre Maria Jasokundearen elizako sakristia izan da San Isidroren gordelekua, baina aurten, kalera aterako dute . Kale Nagusitik aterako da prozesioa 19:00etako meza amaitzen denean. Unzurrunzaga, Lardizabal eta Kale Goena igaroko ditu, berriz sakristiara itzuli arte.
Aurretik eta ondoren ere festa giroa ez da faltako herrian. 17:00etan buruhandiak ibiliko dira herriko kaleetan zehar. 18:00etan pilota desafioari hasiera emango diote frontoi zaharrean, bertsolariek lagunduta. Iker Urmeneta eta Jon Erasun, Iñaki Lizaso eta Jon Urruzolaren aurka arituko dira pilotan, eta Oihane Iguaran eta Iker Zubeldia bertsotan. 20:00etan ardo partitzea izango da herriko plazan eta iluntzean, afariarekin emango diote amaiera nekazarien zaindariaren egunari.