Emakumeen presentziak hazten jarraitzen du Zegama-Aizkorriko hiru lasterketetan
Mila mendi korrikalari inguru elkartuko dira maiatzaren 24tik 26ra Zegaman. Mendi maratoian emakumeen parte hartzea %16ra iritsi da, Kilometro Bertikalean %19ra eta juniorretan %26ra.
Astebete pasatxo falta 2024ko Zegama-Aizkorrirako. Maiatzaren 24tik 26ra mila mendi korrikalari inguru elkartuko dira Zegaman, horietatik gero eta gehiago emakumezkoak: Mendi maratoian 543 (horietatik 87 emakumeak, %16a), Kilometro Bertikalean 272 (52 emakume, %19) eta Junior trailean 143 (38 emakumeak, %26). “Emakumezkoen parte hartzea asko hazi da azken urteetan”.
Gaur aurkeztu dute 23. Zegama-Aizkorri mendi maratoia Donostian. Iker Zubeldia Zegamako alkateak eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kideak, eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak hartu dute parte.
Mendi maratoiko korrikalari aipagarrienak
Maialen Arizkorretak gogorarazi du Golden Trail Word Series serieen proba puntuagarri bat izango dela aurten ere Zegama-Aizkorri. “Kilian Jornet txapeldun handiak parte hartuko du. Hamar garaipen izateaz gain, 2022an marka guztiak txikitu zituen 3h36.40 denborarekin”.
Zegaman izango dira baita ere Manuel Merillas iazko irabazlea, eta Elhousine Elazzaoui, Davide Magnini, Robert Pkemoi, Alain Santamaria eta Jan Margarit, besteak beste.
“Emakumezkoen parte hartzea asko hazi da azken urteetan”
Maialen Arizkorreta. Zegama-Aizkorriren antolakuntza taldeko kidea
Emakumezkoen kategorian, iazko irabazlea ere bertan izango da, Daniela Oemus alemaniarra. Haren ondoan, besteak beste Sophia Laukli, Caitlin Fielder (iaz bigarrena), Malen Osa eta Sara Alonso atletak lehiatuko dira garaipenaren bila.
Euskal herritarren artean nabarmentzekoak dira Aritz Egea urretxuarra, Ander Iñarra, Borja Zubizarreta, Anartz Artola, Ander Gerrikaetxebarria eta Aitor Zunzunegi legorretarra, gizonezkoen kategorian; eta Sara Alonso, Malen Osa, Ainara Urrutia, Oihana Zubillaga eta Lide Urrestarazu ordiziarra, emakumezkoen kategorian.
Kilometro Bertikala eta Junior traila
Kilometro Bertikalean iazko bi txapeldunak Zegaman izango dira berriz: Naiara Irigoien eta Jose Antonio Bellido. Arizkorretak gogoratu du maiatzaren 24ko Kilometro Bertikala Euskadiko Txapelketa (EAEko mendi federatuentzat bakarrik) ere izango dela, Euskal Mendizale Federazioaren 100. urteurrenarekin bat eginez. Horrez gain, Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako puntuagarria ere izan da (EAE eta Nafarroako federatuak).
Junior trailean, berriz, marka guztiak hautsi dira aurten. Orain arte 100 dortsal atera ohi zituzten antolatzaileek, eta ez ziren sekula agortzen. Aurten denak kolpean bukatu ziren, eta beste 50 gehiago jarri behar izan dituzte. Nesketan, iazko lehen hiru sailkatuak Zegaman izango dira, eta mutiletan iazko podiumeko bi. “Etorkizuna badago, izena eman dute korrikalari asko eta asko gipuzkoarrak baitira”, azaldu du Arizkorretak. Salomonek Next Gen Seriesen barruko lasterketa izango da junior traila.
Jende asko espero dute Zegaman
Maiatzaren 26rako “jende asko espero” dute Zegaman, eta Arizkorretak “pazientzia” eskatu die bai Zegamara bai mendira joateko asmoa duten zaleei. “Zegamako Udalak eta Oñatiko Udalak jarriko dituzten autobusak erabiltzeko deia egiten dugu, eta boluntarioen esanei kasu egiteko”.
“Zegamako Udalaren erronka nagusietako bat boluntarioen kopurua bermatzea da”
Iker Zubeldia. Zegamako alkatea
Azkenik, Arizkorretak gogorarazi du lasterketa streaming bidez emango dutela zuzenean Youtuben, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta GTWk ingelesez emitituko duela mundu osorako Youtubeko kanalean. Gainera, EiTBk eta TV3k beren hedabideetan emango dute lasterketa.
Boluntario gazteei deia
Iker Zubeldia alkatearentzat eta hark gidatzen duen korporazioarentzat lehen Zegama-Aizkorri izango da aurtengoa, eta atzetik dagoen “beldurgarritako” lanari egin dio aipamena: “Hau barrutik ikusi arte ez nuen uste horretarainokoa izango zenik”.
Zegamako alkateak kirol-ekitaldi hau antolatzeak herriarentzat dakarren erronkan jarri du arreta, eta boluntario gazteei egin die deia. “Zegamako Udalaren erronka nagusietako bat boluntarioen kopurua bermatzea da. Hasieratik lagundu digutenetako asko erretiratu egin dira, eta belaunaldi berriei kosta egiten zaie lekukoa hartzea. Karrera hazten ari dela ikusita, ea inguruko jendearen konplizitatea berreskuratzen dugun, erakundetik erantzun ezin hobea eman ahal izateko. Udal gisa, ilusio handia dugu erronka horri aurre egiteko eta hartatik ikasteko”.
“Zegama-Aizkorrik Gipuzkoak bisitariari eskaintzen dion jarduera-agenda aberastu egiten du“
Azahara Dominguez. Mugikortasun eta Turismo diputatua
Zegamako Udalaren izenean eskerrak eman dizkie Zubeldiak Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta babesle eta laguntzaile guztiei, eta aipamen berezia egin die Goiturreko Niko Osinalderi eta Ion Ubideri.
Gipuzkoa “mapan jartzen” duen ekitaldi bat
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak kirol-proba honek Gipuzkoan duen balioa nabarmendu du. “Zegama-Aizkorri, lurraldearen barrualdearen erakargarritasuna indarrean jartzeaz gain, goi-denboralditik kanpo egiten da. Hartara, Gipuzkoak bisitariari eskaintzen dion jarduera-agenda aberastu egiten du eta turismo-jarduera desestazionalizatzen laguntzen du”.
Turismoari begira, Dominguezek adierazi du aldundiaren helburua ez da izan haztea hazte hutsagatik: “Modu jasangarrian haztea da gure nahia, gure kultura, gure natura eta gure bizilagunak errespetatzen dituzten bisitariak erakartzeko. Hori da proba honek erakartzen duen turista-profila”.
“Zegama-Aizkorri gipuzkoarren nortasunarekin bat egin duen lasterketa bat da“
Azahara Dominguez. Mugikortasun eta Turismo diputatua
Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak Zegamako herritarren lana goraipatu du, eta auzolanean antolatutako goi-mailako lasterketa bakarrenetakoa izango dela nabarmendu du. “Gipuzkoarren nortasunarekin bat egin duen lasterketa bat da”.
Alvarezentzat Zegama Aizkorri “ekitaldi enblematiko” bat da. “Gure lurraldeak mendiko kirolarekiko duen pasioa eta konpromisoa islatzen ditu, eta gure kulturaren, naturaren eta kirolaren aldeko pasioa ospatzen ditugu bertan”.