Bigarren festa astebururako prest da Beasain
Igandera arte iraungo dute Beasaingo Loinatz jaiak. Egun osoko festa izango da mozorroen eguna, larunbata. Herri kirol jaialdia izango da festetako azken ekintza.
Beasaingo Loinatz jaien bigarren asteburuari heltzeko prest daude beasaindarrak. Egitarauari begira, bete-betea dator igandera artekoa: musika, kirola, kale ikuskizunak, euskal dantzak,… askotariko ekintzak izango dira, bertako eta bisitarien gozamenerako. Euria egin dezake asteburuan, dena den.
Erraldoi eta buruhandiak
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerarekin emango zaie hasiera Loinatz jaien bigarren kolpeari. Beasaingo Ekaitz erraldoi eta buruhandien konpartsa izango da kaleak alaitzen, Goizeresi txistulari taldearen, musika eskolako bandaren eta txistularien eta Doinuzar gaiteroen doinuekin. Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira.
Erraldoi eta buruhandien segizioarekin motorrak berotzen hasita, eztarria berotzeko aukera ere izango da, Kantujirarekin. Beasaingo Loinatz udal musika eskolako trikitilariek jarriko du te erritmoa, Ekirockek lagunduta. Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira hauek ere.
Eta dantza nahiago dutenentzat, Dantzaki dantza eskolako dantzarien erakustaldia izango da, Gernika pasealekuko frontoian.
Kontzertuak ere, aukeran. Gilda, Ganibet eta DJ Ore izango dira txosnagunean. Puro Relajo taldearen kontzertua, berriz, Bideluze plazan.
Txirrindularitza proba
Kirolarentzat tartea ere izango da. Loinatz txirrindularitza probaren 73. jardunaldia jokatuko dute, elite eta 23 urtez azpikoen mailan. 09:00etan abiatuko dira, Nafarroa etorbidetik. 131 kilometroko zirkuitua osatu beharko dute, Beasain, Legazpi, Gabiria, Ormaiztegi, Olaberria eta Lazkao inguruan.
Mozorro eguna
Mozorro eguna izango da larunbata. Kuadrillak, gazte zein heldu, goizetik aterako dira kalera. Gazteenek haimak jarriko dituzte Oria ibaiaren ertzean. Udalak ohartarazi du, 17:30tik 01:00ak arte, DJak dauden bitartean, bolumena jaitsi beharko dela. Musika jartzeko baimena 03:00ak arte izango da.
Alkoholaren kontsumoa arduratsua izan dadin Botiltzar Botiltxar ekimeneko boluntarioak kalez kale ibiliko dira. Emakunderen eta Itaiaren eraso sexisten aurkako protokoloak ere aktibatuta egongo dira egun osoan zehar.
Elkarteetako kideak sukaldariz mozorrotuko dira. 10:00etan piztuko dituzte suak, San Martin plazan. 13:00etan egingo dute sari banaketa.
Ostadar
Ostadar Dantza Taldeak 22. dantza topaketa antolatu du etzirako. Urte berezia du aurtengoa Ostadarrek, eta modu berezian ospatuko dute. Hala, azken lau hamarkadetan izan dituzten gaur egungo eta lehenagoko dantzariak, Plaza dantzen ikastaroko kideak, taldearen etorkizunaren indargune dituzten haurrak, taldea osatzen duten musikariak eta Gasteizko Adurtza Dantza Taldeko lagunak izango dira igandeko dantza topaketan. 10:45ean, dantzari talde ezberdinak herriko leku ezberdinetatik dantza-kalejiran irtengo dira.
12:30ean, Erauskin plazan elkartuko dira. Ondoren Kale Nagusian barrena dantzatuko dute, eta 13:30ak aldera, Bideluze Plazan amaituko dute.
Euria egingo balu goizeko taldeen ikuskizunak Loinazko San Martin plaza azpian eta Pergoletako frontoian eskainiko dira.
‘Beasain jaietan’
Beti Bizi elkarteak afaria eskainiko die Beasain Jaietan aldizkarian iragarkiak jarri edota kolaboratu dutenei. Aurten Urrezko Barea beasaindar bati banatuko diote.
2019az geroztik ez dute sari hori banatu. Mikel Aiestaran kazetaria izan zen azken omendua. 1992. urtean banatu zuren lehen barea eta Segundo Dorronsoro izan zen ohore hori jaso zuena. Atzetik etorri dira Karlos Argiñano, Jose Martinez, CAF, Cesareo Ugarte, Ixabel Olano, odol emaileak, Josetxo Zufiaurre, Beasain K. E., Loinatz Abesbatza, Aitzgorri M. E., La Salle, Odolki kofradia, Paco Etxeberria eta Josetxo Martinez eta Martin Garcia.
Puntako kirolariak
Arrano Kulturak antolatutako herri kirol jaialdiarekin amaituko dira festak igandean. Izen handiak arituko dira: Aizkoran, Julen Alberdi, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga eta Arkaitz Jauregi; harri jasotzen, Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Gari Garmendia eta Xiker Larrea; lasto-altxatzen, Jose Migel Bustintza Tubi; eta pentatloian, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi. 18:30ean hasiko da jaialdia, Dolarea parkean. Eguraldi txarra egingo balu Gernika pasealekuko frontoian izango da.
Maiatzak 17, ostirala
- 18:00. Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren irteera, Goizeresi txistulari taldeak, Beasaingo Loinatz udal musika eskolako bandak eta txistulariak eta Doinuzar gaiteroek lagunduta. Loinazko San Martin plazatik.
- 19:30. Kantujiraren irteera Beasaingo Loinatz udal musika eskolako trikitilariek eta Ekirock-ek lagunduta. Igartzatik Bideluzera.
- 20:30. Dantzaki dantza eskolaren dantza erakustaldia, Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 21:00. Beti Bizi elkarteak afaria eskainiko die Beasain Jaietan aldizkarian iragarkiak jarri edo kolaboratu dtuenei. Aurten Urrezko Barea beasaindar bati emango zaio. Beti Bizi elkartean.
- 22:00-01:00. Indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko informazio gunea, Zaldizurreta kalean.
- 23:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, Bideluze plazan.
Maiatzak 18, larunbata
- 10:00. 72. Loinatz Txirrindulari proba, 23 urte azpikoentzat. Nafarroa etorbidean.
- 10:00. Saskibaloia, finalen finalak, Antzizar kiroldegian. 10:00etan kadete neskak, 12:00, junior mutilak, 14:00etan kadete mutilak, 16:00etan junior neskak, 18:00etan senior neskak eta 20:00etan senior mutilak.
- 10:00. Elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa., Loinazko San Martin plaza azpian.
- 11:00. Oiartzungo Xirularru taldearekin kalejira.
- 11:00. Erretiratuentzako toka eta igel txapelketa, Arana kalean.
- 13:00. Elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketan prestatutako jakien aurkezpena, Loinazko San Martin plazan.
- 16:00. Gazteen arteko xake txapelketa, Alfil elkartean.
- 16:00-20:00. Botiltzar edo botilTxar Arriskuak gutxitzu, gozamenak areagotuz. Herrian zehar.
- 17:30. Candi Djaren kontzertua, Bideluze plazan.
- 19:00. Ut! taldearen kontzertua, Bideluze plazan.
- 21:00-01:00. Indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko informazio gunea, Zaldizurreta kalean.
- 23:30. Oihan Vega DJaren kontzertua, Bideluze plazan.
Maiatzak 19, igandea
- 10:00. Esnadeia. Iturengo Aurtizko joaldunak.
- 10:00. Esnadeia. Beasaingo Loinatz udal musika eskolako txistulariak eta tronpeta joleak.
- 10:30. Beasaingo 22. dantza topaketa: dantzarien ibilaldia auzoetatik abiatuta.
- 11:30. Ekaitz erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera, Doinuzar gaiteroek lagunduta. Loinazko San Martin plazatik Ezkiagara.
- 12:00. Beasaingo 22. dantza topaketa: taldeen elkarretaratzea. Erauskin plazan.
- 12:00. 60. Beasaingo Hiria eta 25. Igartza Saria argazki lehiaketetako sari emateak, Igartzako jauregian. Jarraian, erakusketaren inaugurazioa.
- 17:30. Familientzako ikuskizuna Xaiborren eskutik, Bideluze plazan.
- 18:00. Beasaingo 22. Dantza topaketa eta azken kalejira. Erauskin plazan.
- 19:00. Herri kirol jaialdia, Dolarea parkean (eguraldi txarrarekin Gernika pasealekuan).
- 20:00. Saloiko dantzak, Loinazko San Martin plaza azpian.