Euskaldun txapelketako txirrindularitza proba bana Beasainen eta Ataunen
73. Loinatz proba bihar jokatuko da, eta Ataungo 59. San Martin proba etzi. Azken hori afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa da.
Eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindularitzan Euskaldun txapelketa garai erabakigarrian sartuko da. Gipuzkoan bost lasterketa falta dira –errepidean lau–, eta horietatik bi asteburuan Goierrin jokatuko dira: Loinatz Proba bihar Beasainen, eta San Martin Saria igandean Ataunen.
73. Loinatz Proba bihar 09:00etan hasiko da. 131,2 kilometroko etapa prestatu diete, zortzi mendaterekin: Atagoiti lau aldiz igoko dute, bi Ormaiztegitik eta beste bi Motxorrotik. Olaberria hiru aldiz –Ihurretik denetan, azken aldia 7 kilometro faltan –, eta Mandubia Arriarandik –18ren faltan– dira epaile.
Beasainen helmugaratzea 12:16rako dago aurreikusita.
Ataunen, Gipuzkoakoa
Igandean (09:15), Ataunen, 59. San Martin Proba jokatuko da, maila berean eta 122 kilometroko ibilbidearekin. Afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa da.
Altzo bi aldiz Alegiako Errotatik gora, Lazkaomendi Zaldibiatik (22ren faltan), eta Urkillaga Arrondotik gora bitan igoko dituzte, azken igoera 9 kilometroren faltan. Helmugaratzea 12:18rako dago iragarrita.