Txindoki punta zain dute
Txindokiko Kilometro Bertikala mendiko kronoigoera bihar jokatuko da, Larraiztik gailurrera. Gaintzako bidegurutzean hasiko da erlojupeko zatia. 230 korrikalari daude izena emanda.
Bihar goizean jokatuko da III. Txindokiko Kilometro Bertikala mendi lasterketa. Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako eta trailen Goierriko Koparako puntuagarria da. Larraiztik (Abaltzisketa) abiatuko dira korrikalariak Larrunarri gainera.
Kronoigoera da, eta banaka edo talde murritzetan irtengo dira partaideak. Lehenengo lasterkariak –bosteko multzo bat– 10:00etan hasiko dira. Minutu erdiko aldearekin emango diete irteera ondoren, bosnaka.
Guztira 230 korrikalari daude izena emanda, 48 emakumezko eta 182 gizonezko, lau adin kategoriatan: senior gizonak 169 eta emakumeak 44, junior mutilak zortzi eta neskak hiru, jubenil mutilak lau eta neska bat, eta kadetea bakarra, mutila.
Gaintzako bidegurutzetik
Aurreko bi urteetako ibilbidea izango du. Korrikalariak Larraizko aparkalekutik abiatuko dira, baina aurreneko metroak errepidean beherantz eta neutralizatuta egingo dituzte. Gaintzako bidegurutzean hasiko da karrera. Iñaki Maiorak 1978an Ordizia-Txindoki-Ordizia marka jartzeko hartu zuen bidea da.
Handik aurrera, guztia gorantz izango dute, Larrunarriren gailurreraino: 3,6 kilometro luzean eta 980 metroko desnibela. Oriako iturrian kontrolgunea egongo da, eta handik Tximista bidetik jarraituko dute. Ikusleei Tximista bidean ez egoteko eskatu die antolakuntzak, lurraren higadura eta harri erorketa arriskuak saihesteko.
Ibilbide horretan indarrean dauden denbora-errekorrak iaz ezarritakoak dira: gizonetan Iu Net Puig kataluniarrak 34:22 minutu behar izan zuen, eta emakumeetan Naiara Irigoien burlatarrak 40:20 minutu.