Kofradiakide berriak izendatu ditu Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak
34. kapitulua ospatu dute gaur. D'elikatuzen hasi dute eguna, eta udaletxean amaitu dira ekitaldiak. Ondoren, elkarrekin bazkaldu dute.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak 34. kapitulua ospatu du gaur goizean. Lurralde ezberdinetatik etorritako kofradietako ordezkariekin elkartu dira Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak Ordizian. Tartean izan dira Tuterako Menestra eta Barazkien Kofradia, Beasaingo Odolkiaren Kofradia edo Oviedoko Desarme Kofradia, besteak beste. Idiazabal Gaztaren Kofradiak kofradiakide berriak eta ohorezko kofradiakideak izendatu ditu.
D’elikatuzen hasi dute eguna. Zentroan harrera egin diete kofradiakideei, gazta dastaketarekin. Oroith abesbatzak emanaldia eskaini du, eta ondoren desfilea egin dute udaletxeraino, Ordiziako Txistulariekin eta erraldoiekin batera. Udaletxe parean, Plaza Nagusian, dantza egin diete lau dantzari gaztek gonbidatuei, eta udaletxera igo dira denak gero, ekitaldi nagusirako. Eguna borobiltzeko, Martinez jatetxean bazkaldu dute elkarrekin.
Izendapen berriak
- Kofradiakide berriak:
- Antonio Soto Hernandez eta Sandra Ruby Cobo.
- Ohorezko kofradiakideak:
- Urdaneta ikastetxea bere 50. urteurrenagatik.
- Angel Linzoain Eugi, Iragi-Esteribarren (Nafarroa) Idiazabal gazta egiten duen artzaina.
- Mikel Lasa Beloki, Ordiziako azokako saltzailea.
- Elena Arzak Espina, sukaldaria.
- Salvador Arriola Barrenetxea, ekonomialaria eta Euskal-Mexikar diplomazialari ohia.
- Bittor Oroz Izagirre, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea.
- Merezimendu laguntzailea: Joaquin Aldanondo.
- Kofradia babeslea: Orkli.