Talde beltza nagusitu da Saturdiko festetako zaldibiarren arteko herri kirol desafioan
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Karmele Gisasola izan da haien kapitaina, eta Irati Astondoa talde berdearena. Iaz arte Pazko astelehenean izaten zen Saturdiko ospakizuna, eta aurten maiatzera aldatu dute, bi egunetako egitaraua antolatuta.
Iaz arte, Pazko astelehenean izaten zen Zaldibiako Saturdi auzoko ospakizuna. Azken urteetan, baina, jende gutxi inguratzen zela nabaritu zuten. Hala, maiatzera pasa dute festa, eta ekintzak areagotu, bi egunetara. Gaur egin dute festetako lehen eguna. Bazkaria izan dute Kixkurgunen, eta arratsaldean herritarrek osatutako bi talderen arteko herri kirol desafioa egin dute ermitaren ondoan. Talde beltza izan da nagusi.
Herritarrek osatutako talde bakoitzak herri kirolari bana izan du kapitain bezala. Talde berdea Jon Aiestaranek, Uxue Castellanok, Janire Lopezek, Mikel Muruak eta Oroitz Etxabek osatu dute, eta Irati Astondoa izan da haien kapitaina. Talde beltza, aldiz, Josu Muruak, Ihintza Regilek, Leire Iraetak, Ugaitz Etxeberriak eta Iosu Mendizabalek osatu dute, eta Karmele Gisasola izan dute kapitain. Jon Aranzabe eta Xabat Atxaga aritu dira epaile lanetan. Sei proba egin dituzte (koxkolak, ingudea, adreiluak, txingak, korrika eta aizkora), eta azkenean talde beltza izan da irabazlea.
Herri kirolak bukatu direnean, erromeria izan dute Zatekeen musika taldearekin. Bihar goizean, 9:30ean, ibilaldia egingo dute Zaldibiatik. Hamaiketakoaren ondoren, Iztueta dantza taldearen emanaldia, haur jolasak eta toka txapelketa egingo dituzte.