Beasaindarrek dantzarekin eta herri-kirolekin jaiei agurra
Beasaindarrek agur esan diete aurtengo Loinatz Jaiei, Ostadar dantza taldeak antolatutako topaketen 22.edizioarekin eta Arrano Kulturak antolatutako herri-kirol ikuskizunarekin.
Maiatzaren 10ean eman zieten hasiera jaiei beasaindarrek eta 9 egun ondoren, agur esteko unea iritsi da. Musika, dantza eta mozorro zein blusa koloretsuak izan dira nagusi, baina jaietako azken egunean kirola izan da protagonista.
Ostadar Dantza Taldearen 22.topaketak
Goizeko 10:45etan abiatu dira Ostadar dantza taldekoak oinak astinduz kaleak alaitzera, urtero legez. Aurtengoa 22.edizioa izan da eta urte berezia dela haientzat adierazi dute haien sare sozialetan, izan ere, 40 urte dira dantza taldea sortu zenetik, beraz, aurtengo ekitaldiaren gai nagusia elkarrentzat dantzan egin eta jarraitzeko aldarria izan da, ibilbide horretan bidelagun izan dituztenak omenduz. Talde gonbidatua Arabatik etorri da gaurkoan, Gasteiztik, hain zuzen ere, Adurtza dantza taldekoak izan dira gaurkoan Beasainen, Ostadarrekoekin batera urteurren borobila ospatzen, haien kasuan, 50.urteurrena. Goizean kalean ibili ondoren dantzan, eguraldiak zapuztu diete plana dantzariei, baina hauek ez dituzte oinak geratu hala ere, Plaza azpian jarraitu dute festa arratsaldean.
Herri-kirol ikuskizuna
Ohiturak ohitura, dantzariek bezala beste kultur adierazpen batzutakoek ere jaietako azken eguna baliatu dute haien ekintzak egiteko eta jaiak alaitzeko. Gaurkoan, urtero bezala, Arrano Kulturak herri-kirol ikuskizuna antolatu du. Hauek ere eguraldia dela eta Dolarea Parkean ezin izan dute egin, baina ikuskizuna Atano Txiki frontoira ekarri dute, Gernika Pasealekuan kokatutako frontoira, hain zuzen ere. Arratsaldeko 18:30etan eman diote hasiera ikuskizunari eta behin kirolariak aurkeztuta hasiera eman diote ikuskizunari. Bertan izan dira gaurkoan lehian Julen Alberdi eta Iñaki azurmendi aizkolari bikotea Mikel Larrañaga eta Arkaitz Jauregiren aurka; harria jasotzen Udane eta Elene Ostolaza ahizpak, Gari Garmendia idiazabaldarra eta beasaindarrek etxekoa duten Xiker Larrea. Lastoa altxatzen, berriz, “Tubi” ezizenez ezaguna den Jose Miguel Bustinza izan da eta pentatloiean, berriz, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi. Guztiak energia askorekin iritsi dira Atano Txikira eta gogor aritu dira lehian, beti ere elkarren arteko giro bikainean.