Lazkao urpean utzi du ekaitzak
Igande arratsaldeko euriteak eta mendietatik behera etorritako ur lasterrek Lazkaoko kalean hondamena eragin dute. Ordu erdian 25,5 litro bota zuen. Kalteak handiak dira.
Inork espero gabeko ekaitz batek ur geruza batekin azpiratu zituen, igande arratsaldean, Lazkaoko kaleak. Urpean geratu ziren, minutu gutxiren buruan, herriguneko kale eta plaza asko. Bideak menditik behera zetorren emariarentzat ubide bihurtu ziren, eta ur guztia xurgatzeko ezgauza, kale-azala baltsa erraldoi bihurtu zen. Hondamena eragin du lokal, soto eta garaje ugaritan, batik bat lurraren mailaz azpitik daudenetan.
15:20an hasi zuen euria, bero-hodeiek aire masa hotz batekin topo egitean lehertutakoan. Euria mardul eta txingorra egin zuen. Euskalmeten Ordiziako estazio meteorologikoan –Lazkaon ez dago ofizialik– neurtutakoaren arabera, 15:20tik 16:10era 25,5 litro bota zuen. Bereziki bortitz bota zuen 15:50eko hamar minutukoan: 8,2 litro metro koadroko. 16:50era arte jarraitu zuen euritan, nahiz eta 16:10etik aurrera ez zuen oso emaritsu aritu. Ordu eta erdi horretan 30,8 litro pilatu zen, eta egun osoan 40,2 litro. Hain justu, Ordizian 1990ean harrite suntsitzailea egin zuenetik 34 urte herenegun bertan bete ziren.
Zerutik eroritakoari, mendietatik behera sortu ziren errekek gehitu zioten larritasuna. Lazkaomenditik zein Mendizabal aldeko muinoetatik behera ur lasterrak sortu ziren. Atauneranzko saihesbidea urperatu zen, eta San Prudentzioko jolastokira eta gerontologi aldera ur jauziak sortu ziren. Areson, mendi aldetik etorritako urak Giroa atzeko aparkalekua erabat hartu zuen.
Ehundik gora kaltetu
Txindoki gerontologikoa ebakuatu beharko zuten beldurra zabaldu zen, une batean. Ura egoitzara sartu zen, eta beheko solairua hartu zuen. Igogailuak zerbitzuz kanpo geratu ziren. Suhiltzaileek punpatu zuten ura kanpora. Azkenean, ez zen egoiliarrik atera beharrik izan.
Areria zineman eta Maizpide euskaltegian ere sotoetan ura sartu zen. Maizpiden, metro bateko mailara arte igo zen; artxiboak, altzariak, berogailu sistema eta igogailua hondatu ditu; atzo klaseak eman zituzten.
Herritarrak berehala mugitu ziren. Egunean bertan, igandean, ura sotoetatik eta garajeetatik punpatzen aritu ziren, udalak lortutako baliabideekin eta suhiltzaile eta erreskate taldeen laguntzarekin. Lohiak garbitzen atzo jarraitu zuten; Lazkaomendirako oinezkoen azpiko pasabidea harriz eta lokatzez beteta zegoen.
Udalaren lehen balorazioaren arabera, Iturgaitzaga, Areso, Hirigoien, Mikelar eta San Prudentzio kaleak, eta Txindoki gerontologikoa izan dira «bereziki» kaltetuak. Ehundik gora dira kaltetuak, alkatearen hitzetan. Normaltasuna berrezartzeko ahaleginean, garbiketa eta konponketa lanak egiten, eta kalteak zenbatzen segituko dute, «kaltetutako saltoki eta bizilagunei beharrezko laguntza eskaintzeko». Laguntza behar dutenei udaletxera deitzeko esan dute.
Bestetik, herritarren elkartasuna eta laguntzeko borondatea ere balioetsi ditu udalak.