Denak Kilian Jorneten aurka
Kilian Jornet Zegamara itzuliko da, hamaikagarren garaipenaren bila. Arerio asko eta azkarrak izango ditu aurrean. Daniela Oemusek iazko balentria errepikatu nahi du.
Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazteko faborito argia dago gizonezkoetan: Kilian Jornet kataluinarra. Ez da gutxiagorako, hamaika aldiz hartu du parte Zegaman eta hamar txapel ditu. Gainera, berea da probako denborarik azkarrena. Are, beti lau orduren azpitik buatu du, 2015. urtean izan ezik. Mendi lasterketetan sekula izan den atletarik onena da eta bera izango da gainditu beharreko aurkaria.
Makina bat korrikalari saiatuko dira horretan. Manuel Merillas iazko garailea txapela defendatzen saiatuko da; Elhoussine Elazzaoui ere, 2023. urtean bigarren sailkatu zena, irteera marran izango da; hurbiletik jarraitu beharko da, era berean, Davide Magnini. 2019. urtean estu hartu zuen Jornet, eta beregatik ez balitz garaipena eta errekorra lortuko zituzkeen; adi Robert Pkemoirekin. Iaz aurreneko postuan joan zen kilometro batzuetan eta Kanaria Handiko mendi maratoia poltsikoratu du 2024. urtean; Robbie Simpson da beste faboritoetako bat. Chianti Ultra Traila irabaztetik dator; Petru Mamu, Daniel Osanz, Roberto Delorenzi, Alex García, Bart Przedwojewski, Daniel Pattis, Frederic Tranchand, Luca Del Pero, Sylvain Cachard… dira beste izen propioetako batzuk.
Emakumezkoen artean lehia irekiagoa izango da. Daniela Oemus iazko garaileak bigarren txapela nahi du, baina Catalin Fielder, Allie Mclaughlin, Elisa Desco, Esther Eustache, Janina Weber, Kalie Mccrystal edo Rachel Tomajczyk-en mailako korrikalariak izango ditu parean.
Garaipena Euskal Herrian gelditzeko aukera handiagoak daude emakumezkoetan. Sara Alonsok podiuma egin zuen duela bi urte, eta gerora izandako osasun arazoak gaindituta, aurrean egongo da; Oihana Azkorbebeitia, Ainara Urrutia, Sandra Sevillano, Malen Osa edo Ines Astrain dira euskal ordezkarien artean izenik indartsuenak.
Ibilbidean, aldaketarik ez
Iaz, eguraldiak hala behartuta, ibilbidean aldaketak egin behar izan zituzten. Ondo bidean, aurten betiko ibilbidea berreskuratuko dute. Hau da, herrigunetik irten eta Aratzera igoko dira aurrena Otzaurtetik barrena; Aizkorri, Aketegi eta Andraitz tontorrak pasa eta gero, Oazurtzatik behera, berriz herrigunera iritsiko dira.
FITXA TEKNIKOA
- Eguna. 2023ko maiatzaren 14a.
- Irteera eta helmuga. Zegamako plaza. Irteera ordua: 09:00.
- Distantzia. 42,195 km.
- Pasagune kontrolak. 13.
- Jan-edari postuak. 14.
- Tarteko helmugak. Aizkorri (22,58 km).
- Gorabehera metatua. 5.472 metro.
- Gehieneko altuera. 1.551 metro (Aketegi).
- Gutxieneko altuera. 296 metro (Zegama).
- Eremu teknikoa ehunekotan. %50 gutxi gora behera.
- Gehieneko denbora. 8 ordu.
- Zailtasuna. Oso handia.
- Gehienezko parte-hartzaile kopurua. 500.