Karlistaldiak eta umorea uztartuta, Zumalakarregiko erakusketan
‘Karliskaturak’ erakusketa inauguratu dute. Historiari umorearen ikuspegitik begiratzeko erakusketa da. Cesar Oroz ilustratzailearen lanak jarri dituzte ikusgai
Zumalakarregi museoak, Lizarrako Karlismoaren Museoarekin lankidetzan, Cesar Oroz marrazkilari eta umorista grafikoaren Karliskaturak: umorea lubaki gisa erakusketa inauguratu zuen atzo. Karlistadak eta umorea uztartzen dituen erakusketa da, umorea eta ikuspegi satirikoaz baliatuta garai hartako historiara hurbiltzeko baliagarri dena. Aldi baterako erakusketa izango da eta abenduaren 30era arte egongo da ikusgai.
Atzo goizean egin zuten aurkezpena Ormaiztegiko museoan Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, Cesar Oroz, erakusketaren ilustratzaileak, Iñaki Urrizelki, Lizarrako Karlismoaren museoko zuzendariak, Celia Martin, Nafarroako Gobernuko museoen ataleko arduradunak eta Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko artxibo arduradunak.
Karliskaturak erakusketa Lizarrako museoaren ekimenez sortu zen orain bi urte, Ukrainiako gerra lehertu berritan, «zoritxarrez gaur egungo uneak gogorarazten dizkigunak», esan du egileak Ukrainiakoz gain, Israel eta Palestinaren arteko gerrari erreferentzia eginez. Erakusketak «ausardia» puntu bat ere baduela gehitu du: «Historia desmitifikatzeko, mitoak eta legendak deuseztatzeko eta boteredunez barre egiteko bitarteko perfektua da», esan du.
XIX. mendeko satira
Zumalakarregi museoak ikusgai jarri dituzten ilustrazioen artean Karlos Maria Isidro Borboikoa, Isabel II.ena erregina, Karlos VII.ena edo Alfontso XII. ena ageri dira. Baita Manuel Santa Kruz apaiz karlista edo Tirso Lacalle liberalen bandoko nafar gerrillaria ere.
Azpimarragarria da, era berean, Orozek Zumalakarregi museoarentzat bereziki egindako ilustrazioa ere. «Tomas Zumalakarregiren itzalpean jarri ditut haren emaztea —Pancracia Ollo— eta anaia —Migel Antonio Zumalakarregi—. Aurkikuntza bat izan dira niretzat. Historiak sarri ahazten duen ikuspegi feminista eta famaren efimerotasuna —garai hartan Migel Antonio izan zen bi anaien artean ezagunena. Donostiako alkate, senatari edo Gorteetako presidente izana— irudikatzeko».
Erakusketaren osagarri, Zumalakarregi museoaren bildumako XIX. mendeko aldizkari satirikoak jarri dituzte ikusgai, guztira 4.000 bat ilustrazio. «Elkarrizketan jarri ditugu Orozen ikuspegia eta XIX. mendeko ilustratzaileen ikuspegia», esan du Zumalakarregiko artxibozainak. XIX. mendean ere ilustratzaile bikainak izan zirela azpimarratu du, «XIX. mendearen azken laurdenean aldizkari satirikoen booma egon zen. Liberalek edo errepublikazaleek askoz ere aldizkari gehiago argitaratu zituzten, baina karlistek egiten zuten satiraren lagin batzuk ere jarri ditugu erakusketa honetan», nabarmendu du.
Luzerako elkarlana
Era berean, Zumalakarregi eta Lizarrako museoaren arteko lankidetzaz harro agertu da Alberdi, «ez da lehena izan eta ez da azkena izango», esan du erakusketa honi erreferentzia eginez. Iritzi. berekoa da Lizarrako Karlismoaren museoko zuzendaria ere, «luxua da guretzak proiektu hau Zumalakarregin ikusgai egotea», esan du.
Nafarroako Gobernuko museoen sareko arduradunak ere begi onez ikusi du bi museoen arteko elkarlana, «gisa honetako proiektu gehiago bultzatu beharko genituzke», gehitu du. Martinen hitzetan, museoen erronka nagusietako bat da, besteak beste, belaunaldi berriei kultur ondarea transmititzea, «belaunaldi berriei ondarea transmititzeko gai izan behar dugu, bere egin dezaten eta ikasi dezaten», amaitu du.