«Jendearekin gurutzatzean, karikaturan ikusten ditut»
Marraztea gustuko izan du beti Sergio de la Fuente (Buenos Aires, 1970) Ataunen bizi den argentinarrak. Beasaingo Bear pintura elkarteko kidea da eta karikaturak egitea da gustukoen duena.
Karikatura edo irrimarra pertsona baten ezaugarri nagusian oinarrituz, eta berau gehiegitu edo eraldatuz, identifikagarria den antzekotasun bat duen irudi umoretsua da. Goierrin, Sergio de la Fuentek egiten ditu horrelakoak.
Nola hasi zinen karikaturekin?
Bizitza osoan marraztu dut, baina, karikaturekin 1996an hasi nintzen. Buenos Airesen bizi nintzen orduan, eta arte eskola batera joan nintzen, beti gustatu izan zaidalako bineten eta marrazki umoretsuaren gaia. Bi-hiru urteko prestakuntza egin nuen. Gero, utzi egin nuen, hona bizitzera etorri nintzen arte. Hasieran estudioan lan egiten nuen, baina kalera egin nuen jauzia. Orain kaleko artista bat naizela esan dezaket.
Zer nahiago duzu, estudioan edo kalean lan egitea?
Biak. Kalean, jendeak inguratzen zaitu eta haiek begira egotea, kosta egiten da pixka bat. Presioa sentitzen da eta, normala den moduan, kritikak entzuten dituzu. Batzuk onak, baina beste batzuk ez. Horregatik, hasieran kostatu egin zitzaidan zuzeneko lan hori. Baina gustura nabil orain.
Konfort egoeratik ateratzea izan zen.
Hori da. Etxean inork ez dizu ezer ere ez esaten, lasai zaude. Ondoren, lana aurkeztu eta gustukoa bada, ezin hobeto, eta ez bada hain gustukoa, hobetu egin dezakezu. Baina kalean, ondo egin behar duzu.
Nola has daiteke karikaturak egiten? Zertan erreparatu behar da? Gomendiorik?
Begia zorrotz eduki behar da. Kalean jendearekin gurutzatzen naizenean, ezinbestean, karikaturan ikusten ditut.
«Gizonek hazpegi nabarmenagoak dituzte eta errazagoa da karikatura egitea»
Edozein aurpegiren karikatura egin daiteke?
Aurpegi batzuk zailagoak dira. Adibidez, haurren kasuan. Haurrek oso aurpegi politak eta oso garbiak dituzte, oso ezaugarri markatuak ez dituztenak. Oso politak dira alde guztietatik. Gainera, presio gehigarri bat dago. Hau da, gurasoak, haiei ez gustatzeko arriskua dagoelako. Baina beno, egin izan ditut, eta normalean oso ondo geratzen dira. Jendea gustura geratu ohi da.
Eta pertsona helduekin?
Emakumeen kasuan, zailtasun gehiago izan ohi da. Azala gehiago zaindu ohi dute emakumeek. Oro har, gizonek hazpegi nabarmenagoak dituzte eta errazagoa da hortik karikatura bat egitea.
Nola erreakzionatzen du jendeak karikatura ikustean? Umorez harten dute?
Gehiago edo gutxiago, baina gustuko izaten dute. Umorez hartzen dute orokorrean. Nik ere umorez egiten ditut. Karikatura bat egiten ari naizen bitartean, asko gozatzen dut eta barre egiten dut. Gainera, uste dut jendea ere kutsatzen dudala eta une ona pasatzen dugula bai nik, bai marrazten ari naizen pertsona, bai inguruan jartzen direnak.
Nolako lanak egiten dituzu?
Oso lan desberdinak egiten ditut. Adibidez, nire aitaren omenezko serie bat egin nuen. Zorrotzailea zen aita. Argazkietatik tiraka egin nuen. Publiko zabalak ezagutzen dituen karikaturak baino finagoak dira, ez hain neurriz gainekoak. Akuarelarekin egin nituen. Azken lanetako bat, hiru artista agertzen diren karikatura bat da –argazkian agertzen dena–. Rod Stewart agertzen da, beste bi pertsonaia ezagunekin. Emaitzarekin gustura gelditu naiz.
Enkargu bidez lan egiten duzu?
Bai, noski. Opariak egiteko eskariak egin ohi dizkidate, urtebetetzeetarako adibidez. Oraintxe, 50 urte bete berri duten lagun talde baten karikatura egiten ari naiz. Opari politak dira. Interesa duenak, Instagram bidez jar daiteke nirekin harremanetan.
«Beasainen iaz topaketa egin genuen, eta aurten ere egiteko asmoa dugu, urrian»
Eta kalean, non ibiltzen zara?
Donibane Garaziko lokal batean eta Baionan ere izaten naiz kaleko lanak egiten. Beasainen ere bai, Bear elkarteak antolatu zuen Arte Azokan izan nintzen kalean karikaturak egiten. Eta Sketchcrawl-a ere egiten dut.
Zer da hori?
Marrazteko koadernoarekin bidaiatzen dugun jendea. Beti joaten naiz motxilarekin, koadernoa, margoak, asto tolestagarria, taula bat, akuarelentzako uretarako ontzia… edo, bestela, gustatzen zaidanaren argazkiak ateratzen ditut ondoren marrazteko. Eta nire koadernoa eraman izan ez dudanetan, liburu denda batean sartu izan naiz bat erostera.
Iaz topaketa bat egin zenuten Beasainen.
Hiru hilean behin elkartzen gara, toki desberdin batean. Beasainen egin genuen iaz, eta aurten ere egiteko asmoa dugu, urrian.