Zabaldu dute CAF-Elhuyar sariketara lanak aurkezteko epea
Lanak aurkezteko epea uztailaren 1ean amaituko da, eta denera 13.000 euro banatuko dituzte, lau kategoriatan. Aurtengo goiburua 'Konta(kta)tu' izango da.
Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Konta(kta)tu da aurtengo goiburua, eta uztailaren 1a arte izango da lanak aurkezteko aukera Cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webgunean.
Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin, eta lau kategoria hauek osatzen dute: dibulgazio-artikulua, doktore-tesiaren artikulua, zientzia-kazetaritza eta sorkuntza-beka. Guztira 13.000 euro banatuko dituzte.
-
- Dibulgazio-artikulua kategoriako irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko ditu.
- Doktore-tesi onenak 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura bat eskuratuko ditu.
- Zientzia-kazetaritza.. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura bat eskuratuko ditu.
- Sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, baita eskultura bat ere.
Horrez gain, NEIKER saria emango diote lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta bateragarria da beste sariekin.