Goierri Gorrik irabazi du Berdintasunaren aldeko futbol txapelketa
Tolosari irabazi dio finala 1-0. Hirugarrenak Aitzondoko neskak geratu dira eta laugarrenak zarauztarrak.
Goierri Gorri klubak antolatuta, IV. Berdintasunaren aldeko futbol txapelketa jokatu zen larunbatean. Goizean Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Ordiziako futbol zelaietan sailkapeneko partidak jokatu ondoren, arratsaldean, Ordizian jokatu zituzten finalak, goizeko ligaxkatako lehenengo talde sailkatuak.
Beasaindik Aitzondo taldea sailkatu zen, Idiazabaldik Goierri Gorri, Lazkaotik Zarautz eta Ordiziatik Tolosa. Goierri Gorri eta Zarautzen arteko finalerdia goierritar neskek irabazi zuten, eta Aitzondo eta Tolosaren artekoa, tolosarrek. Azkeneko partida Goierri Gorrik 1-0 irabazi dio Tolosari, penaltiz sartutako golari esker.
Futbol 11 modalitatean
11ko futbol modalitatean jokatu zuten infantil mailako neskek. Goierri Gorriko Jose Ignazio Lasaren esanetan, “protesta bezala”. Izan ere, “federazioak ez du ikusten neska infantilek mutilak bezala ibiltzea; infantil neskek 8an jokatzen dute. Neskak ere 11koan egiteko gai direla aldarrikatzen dugu. Eta gaur ikusi da, edozein kategoriatan, berdin-berdin jokatu dezaketela ondo”.