Intsektuentzako ostatu berri bat Segurako Maduran
Udaberriko lore eta landareen azokako antolakuntza taldearen ekimena da. Urte hasieran zendu zen Txetxu Ormazabal taldekidea oroitu nahi izan dute.
Intsektu polinizatzaileak ugaritzeko helburuarekin, belardi eztidun bat sortu dute Segurako Maduran. Ekimena udaberriko lore eta landareen azoka bultzatzen duen antolakuntza taldearen eskutik sortu da. Urrian haziak erein zituzten eta orain, udaberrian sartuta, ereindakoaren emaitzak ikusgai daude Madura inguruan.
Udaberriro Seguran antolatzen duten lore eta landareen azokaren ingurumarian, naturarekin zerikusia duen beste ekintzaren bat ere bultzatzen dute urtero. Horren harira, Madurako eremu publikoan, 500 metro koadroko zati batean, bertara egokitutako basa lore espezieen haziak erein zituzten pasa den udazkenean, urte hasieran zendu zen Txetxu Ormazabal taldeko kidea tartean zela.
Ekintza honekin, «intsektuen aniztasuna handitzea» izan du helburu talde sustatzaileak. Nekazaritzarako horren mesedegarriak diren erle eta tximeleta polinizatzaileei ez ezik, laboreen izurriteak ekologikoki kontrolatuko dituzten intsektuei ere «ostatu edo bizileku» bat eskaintzeko asmoz. Intsektu hauek «naturako elementu estrategikoak» dira, «polinizatzaileen populazioak behera egiten badu, beste intsektu, hegazti edo ugaztunek kontsumitzen dituzten landare, fruitu eta hazi askok ere behera egiten dutela egiaztatuta» baitago.
Onura ekonomikoa
Ikusgarri daude jada «garikotak, nabar-loreak, linuak, pasmo-belar loregorriak, basailena edo askotariko gramineo belarrak» Madura inguruan. Europako Batasuneko laboreen %84 eta basa loreen %78 «animalien polinizazioaren menpe» daude, eta ondorioz, «onura ekologiko eta ekonomiko nabarmena» suposatzen dute.