Sasietaren eragin eremuan bildutako materia organikoaren kalitatea nabarmendu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak
Maiatzaren 20tik 24ra Sasieta Mankomunitatearen eremuan bildutako materia organikoa aztertu du GHK-k, lau karakterizazio eginez. Sasietak herritarrak zoriondu ditu egiten ari diren banatze ahaleginarengatik.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Sasieta Mankomunitatearen eremuan bildutako materia organikoa aztertu du maiatzaren 20tik 24ra. Lau karakterizazio egin ditu, eta bildutako materialaren “kalitate ona” berresten dute emaitzek. Hori dela eta, Sasietak “eskerrik beroenak” eman nahi dizkie herritarrei egiten ari diren banatze ahaleginarengatik.
Sasietak nabarmendu duenez, Kontsortzioak “purutasun-maila handiko materia organikoa bakarrik” onartzen du konpostaje-plantetan. “%5etik gorako materia desegokia duen materiala baztertu egiten du, hau da, organikoak ez diren beste hondakinak nahasian dituena. Horregatik, aldian-aldian Gipuzkoako mankomunitateek eramaten duten materiala karakterizatu egiten du”.
Sasietaren eragin eremuan bildutako materia organikoari egindako karakterizazioetan aurkitutako “hondakin desegokien ehunekoa oso txikia” izan dela adierazi du mankomunitateak, “%0,60 eta %1,70 bitartekoa, baimendutako %5eko maximoaren oso azpitik”.
Emaitza on hori duela urte asko hasitako lanaren ondorio dela dio Sasietak: “Kubo aireztatuak eta poltsa konpostagarriak doan banatzea, poltsa konpostagarriak saltzeko makinak instalatzea, bilketa pertsonalizatua egitea, banakako kuboen bidez (atez ateko ereduan) edota erabiltzailea identifikatuz irekitzen diren edukiontzi marroien bidez eginez, saltokiei eta zenbait sortzaile bereziei materia organikoa modu pertsonalizatuan biltzea, informazio eta sentsibilizazio-kanpainak egitea…”.
Mankomunitatearen esanetan, kalitate horretako materia organikoa lortzea ez litzateke posible izango “herritarren kontzientziazio-maila handia” izango ez balitz.